Mikel Goñi bihar Michelinen

jon-altuna-egitegi 2014ko abenduaren 12a

Goi-mailako esku-pilota larunbat arratsaldean Michelinen. Mikel Goñik eta Aitor Gorrotxategik Axier Arteaga eta Mikel Elolaren aurka neurtuko dituzte indarrak 17:30ean hasita. Ikusmin berezia sortu du aurreko koadroetako lehiak, Arteaga herritar gaztea Goñi II.a handiaren aurka arituko baita. Sarrerak aurretik 6 euro, bertan 8 euroko prezioan.

Herriarteko txapelketaren finalaurrekoan Michelingo harmailek gutxitan ikusitako itxura hartu zuten ekainean. Irudi hori errepikatzeko aukera izango da larunbatean Michelinen. Oraingo honetan, Xirimiri Elkarteari babesa emateko antolatutako eguna da, eguerdian babarrun jana egingo dute eta segidan, pilotalekura joango dira herritarrak bi partidaz gozatzeko. Bertan edariekin barra bat jarriko dutela adierazi dute antolatzaileek.
Arratsaldeko 17:30ean ekingo zaio jaialdiari. Lehen partida Jon Pello Artetxek eta Ander Katalinak jokatuko dute lau t´erdian.
Estelarrean berriz, Axier Arteaga eta Mikel Elola herritarrak arituko dira Mikel Goñi nafarra eta Aitor Gorrotxategi hernaniarraren aurka.

Profesional maila utzita, halako egunetan jokatzen du Goñi II.ak. Oronozko mutila motibatuta dago eta erreparorik gabe erantzun ditu galdera guztiak.

Ze sasoi puntutan, ze gorputzalditan ailegatzen da Mikel Goñi Lasarte-Oriako hitzordura?
Ez dakit, azken partidak jokatzen gustura aritu naiz eta azkenean horrek erritmoa ematen dizu. Arteagaz oso ongi hitz egin didate, printzipioz partida erakargarria da, Gorrotxa eta Elola ezagutzen ditut eta onak dira atzean. Aurrean espektakulua ematen saiatuko gara.

Borroka izango dela beraz aurreko koadroetan Arteaga eta zeure artean...
Baietz espero dut, jendeak hori nahi du, lehia izatea aurrean tanto ederrak ikusteko. Arteaga ez dut ezagutzen, baina esan didate mutil ausarta dela, gantxoz ondo moldatzen dena eta tantoak erraz bukatzen dituena. Udan partida asko jokatu ditut eta nerbioz eta nekatu xamar amaitu nuen. Intentzio onenarekin noa, pasa den asteko partidan ongi aritu nintzen.

Jokatu al duzu inoiz Lasarte-Orian?
Sekula ere ez, baina astebururo hara eta hona ibiltzen garenez, ohituta gaude frontoi ezberdinetan jokatzera. Alde horretatik, ez dago inongo aitzakiarik.
Hemen gauza ziurra da Mikel Elolak eta Aitor Gorrotxategik atzean partida handia egingo dutela eta aurrean erabaki beharko dugula. Gure esku egongo da. Ea Arteaga gazteak zaharrari errespeto pixka bat agertzen dion eta neurketa on bat jokatzen dugun bibitara.

Badakizu Mikel jendeak batik-bat zu ikusteagatik ordainduko duela sarrera... Pilotalekuetako gatza eta piperra zara oraindik. Bihar ikuskizuna ziurtatuta al dago Michelinen?
Ikuskizuna ziur izango dela, ez dakigu zer motatakoa izango den, baina ikuskizunik ez da faltako frontonean. 
Udaran partidu asko jokatu arren, fresko nago eta partidu on bat egin nahi dut. Arteaga aurrean nahasten saiatuko naiz ikusleek goza dezaten.