Gabonak iristear dira. Familia giroan bazkari eta afariak, Olentzeroren etorrera... baina horiek baino lehen, Santo Tomas jaia. Hori izaten da, urtero legez, Gabonetako Festetako lehen hitzordua.
Datorren asteko igandea izango da abenduaren 21a, Santo Tomas jaia ospatzeko eguna. Ttakun Kultur Elkarteak egitarau zabala prestatu du, jai hori behar bezala ospatzeko. Herriko Okendo plazan egingo dira programako ekintzak.
Hasiera, goizean
Azken urteotan arratsaldez ospatu izan da herrian Santo Tomas, baina aurtengoan igandea tokatzen denez eta askok hurrengo egunean lana egin beharko dutenez, jaia goizetik ospatzen hastea erabaki du Ttakun KEk.
Hamaiketan hasiko da aurtengo feria. Okendo plazara hurbiltzen direnek talo, txistorra edota gaztainak (2 euroko prezioan gaztainak) dastatu ahalko dituzte; egarria asetzeko berriz, sagardo freskoa.
Beterriko talogile bereziak ariko dira taloak egin eta jendartean banatzen. Talogileen 'harrobia' ere landu nahi du Ttakun KEk, eta azken urteetan egin bezala talo tailerra antolatu du haurrentzat.
Aurtengo Santo Tomas jaiko egitarauaren lehenengo ekintzan ere etxeko gaztetxoenak izango dira protagonista; haurren erromeria hasiko da 11:30ean. Ondoren, eguerdiko hamabietan, bertso doinuak entzuteko aukera izango da Okendon.
Santo Tomas jaia ospatzearekin batera, Gabonetako Festei ongietorria ere egingo zaie datorren asteko igandean Okendo plazan. Eta, nola ez, gabonetako kantek presentzia izango dute jaiaren egitarauan.
Herriko Xumela abesbatzaren eskutik herritarrek gabonetako kantak abesteko aukera edukiko dute. Ekintza hori 12:30ean hasiko da, ber-tsolarien emanaldia bukatu eta berehala.
Bertsolarien koplak eta ahotsak entzun ostean beraz, herritarrena izango da abesteko txanda.
Bazkalordurako gosea egiten hasteko gorputza dantzan jartzea baino hoberik ez dago, eta hori egiteko aukera edukiko dute herritarrek, Xumelarekin batera abestu ostean. 12:45etatik hasita, erromeria antolatu du Ttakun KEk Okendo plazan.
Hainbat elkartek hartuko dute parte erromeria horretan: Kukukak, Erketzek, Ttirriki Ttarrakak, txistulariek... plazadan-tza saioa ere prestatu dute abenduaren 21erako.
Arratsaldeko laurak aldera bukatuko da herrian Santo Tomas jaiaren ospakizuna.