Jesus Zaballos bozeramaileak irakurri du PSEren mozioa, Garaikoetxea ikastetxeko leihoak “lehenbailehen” aldatzeko eskatuz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako 'Udalaguntza 2014' planak diruz lagunduko luke aldaketa, baina horretarako hilaren 18a baino lehen onartu beharko litzateke plenoan.
Bozketan, sozialistek eta PPk egin dute mozioaren alde. Bildu, EAJ, LOHP eta adskribatu gabeko Marisa Zubiri abstenitu egin dira. Zazpi bozka alde eta zazpi abstentzio beraz, Bilduko Nerea Sanchez eta LOHPko Ana Isabel Prieto ez baitira plenoan izan.
Bozka justifikatzeko txandetan, Estitxu Alkorta EAJko kideak adierazi du obrak 400.000 euroko gastua izango lukeela Udalarentzat eta gaur egun ez dagoela horretarako dirurik: “Kreditu bat eskatu beharko genioke bankuari eta hori datorren urterako zergapetzea litzateke. Ez gaude kontra, ezta gutxiago ere, baina gauzak lasai egin eta 2015eko aurrekontuetan sartu edo ez eztabaidatzearen aldekoak gara”.
Bide beretik hitz egin du Gorka Lizarragak Bilduren izenean: “Ez gaude obra egitearen aurka, baina legegintzaldi honetan beste gauza batzuk lehenetsi ditugu, 2015eko aurrekontuei begira eztabaidatzeko gaia da”.
Ondorioz, udal-gobernuak zail ikusten du mozioa aplikatzea, horretarako diru nahikorik ez dagoelako.
'Somoto auzia' eztabaidagai
Galdera eta erreguen txanda iristearekin batera hasi da giroa berotzen. Jesus Zaballosek hainbat galdera egin ditu enplegu plana, herriko argi falta, Zentro Zibikoko emakumeek udalaren aldetik jaso duten “atentzio eskasa” edota Sasoeta obren parte-hartze prozesuaren inguruan. Baina bereziki, Ana Urchueguiari jarritako demanda noiz kenduko ote duen galdetu dio Pablo Barrio alkateari; Iñaki Mugica eta Lourdes Acevedo alderdikideei “eragindako minagatik” barkamena eskatzearekin batera.
Barriok zentzu horretan erantzun du “datozen egunetan” Ezohiko Udalbatzarra deituko duela gai hori jorratzeko, demanda horrekin aurrera jarraitu edo ez plenoan erabakitzeko.
Ahal Duguren zalantzak
Maiatzeko udal-hauteskundeei neurria hartze aldera edo, Podemoseko kideak ere udalbatzarrean izan dira herriko etxabeen higieneaz eta erriberako hesiez galdetzeko.
Duela bi aste, udal-alderdi gisa eratzeko pausoez informatzeko bildu ziren Xabier Egea udal-idazkariarekin.