Futbol goiz “txarra” Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 7a

Punturik ez gaur etxekoentzat Michelinen. Texas Lasartearrak Villabonaren aurka 1-5 galdu du eta Ostadarreko ohorezko erregionalek emaitza bera izan dute, 1-5ekoa, Tolosaren aurka.

Ez da goiz ona izan herriko futbol taldeentzat gaurkoa Michelinen. Lehena jokatzen igande goiz hotz honetan Texas Lasartearra izan da. Sailkapenean lehenengo postuan doan Villabona taldearen aurka neurtu behar izan ditu indarrak.

Partidaren lehenengo zatian etxekoek maila ona erakutsi dute eta atsedenera banako berdinketarekin iritsi dira. Bigarren zatia berriz, Vicente Gil entrenatzailearen esanetan, “oso txarra izan da. Oso talde gaztea da Villabonakoa, indartsu azaldu da eta ezin izan dugu gelditu”.  Lau gol sartu ditu Villabonako taldeak bigarren zatian eta Texasekoek “ezer gutxi” egin ahal izan dute. “Aurkari gogorra izango zela bagenekien baina ez genuen hainbeste gol espero” aitortzen zuen Gilek.

1-5

Ostadarreko ohorezko erregional taldea atera da zelaira ondoren. Honek ere bost gol jaso ditu eta bakarra sartu ahal izan du, bigarren zatiaren hasieran Gorka Britek egindakoa hain zuzen.

Tolosaren aurka itxura txarra erakutsi du etxeko taldeak. Lehenengo zatian hiru gol jaso ditu eta “bigarren zatiaren hasieran aukera batzuk izan arren, ezin izan diogu markagailuari buelta eman”. Tolosarrek laugarren gola sartzearekin batera “taldea desmotibatu egin da eta amaiera gogorra izan da”.