Giza Eskubideen Nazioarteko egunaren harira PSE-EEren desadostasuna Bilduren gobernuarekin

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 6a

Jesus Zaballosek helarazitako oharrean, bozeramaile sozialistak "aurpegiratzen" dio Bilduri mediatikoki Giza Eskubideen aldeko jarrera bat “saltzea, benetan Udalak ukatu egiten duenean hauen urraketa kasuak kondenatzea”.

Ostiraleko batzordean Bilduk ez zuen onartu PSE-EEren esanetan, hauek egindako proposamena Giza Eskubideen eguna dela eta lantzen ari ziren Adierazpen Instituzionalean sartzeko. “Eskatu genuen kondena zehatz bat, inolako baldintzarik gabe, Giza Eskubideen urraketa jasandako guztientzat, baloratu gabe erasotzaile edota biktima izan diren”.

Zaballosen arabera “zertarako balio du Giza Eskubideen alde Bilduk dirua gastatzea elkarbizitzarako plan bat egiten, karteletan edota ekitaldi ezberdinetan, kondenatzeko momentua iristen denean ordea, Bilduk ez duenean egiten. Ekintzek adierazten dute oso gutxi axola zaiela. Kanpaina mediatiko bat da soilik, datozen hauteskundeetara begira egindakoa, bere irudia garbitu eta herritarrei sinistu arazteko aldatu egin direla, baina errealitatea oso bestelakoa da”.  “Bilduk HBk, Euskal Herritarrok, ANVk ... zituen posizionamendu berdinak ditu. Eta jarrera horiekin ez da Euskadin bakea lortuko”.

Zaballosek oharrean adierazten du “asko dira dauden adibideak. Legealdi honetan Bilduk omenaldiak egin dizkie ETAko hiltzaileei, kultur-etxean edota Okendo plazan ekitaldi ezberdinak antolatuz, herriko kaleetan presoen aldeko kartelak jartzea onartu egin du, presoen espetxealdiak amaitzeko prentsa aurrekoak egin dituzte besteak beste. Sozialistontzat oso adierazgarria da Emakumearen kontrako indarkeriaren aurkako egunean, honen inguruan kultur-etxean ekitaldi bat egiten ari zen bitartean, Gizarte Zerbitzuetako Bilduko zinegotzia den Gorka Lizarraga, Okendo plazan egotea presoen aldeko elkarretaratze batean eta ez kultur-etxean”.

Zaballosek dio “Bilduk biktimak deitu nahi izan ditu abenduaren 10ean egingo den ekitaldian parte hartzera, Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren biktimei laguntzeko zuzendaritzari edota Barne sailera jo gabe zeintzuk diren ere jakiteko. Egun horretan txaloak jaso nahi dituzte hiru urte luzetan ez direnean biktimez arduratu”.

“Lasarte-Oriako talde sozialista atsekabetuta dago ikusten nola Bilduk biktimak erabili nahi dituen irudia garbitzeko. Euskal gizarteak eta erakundeek biktimen memoria etorkizun baketsu baterako erreferente bilakatu behar ditu, askatasunean, tolerantzian, justizian eta aniztasunaren errespetuan oinarrituta, alderdien interesetatik urrun”.