Bitik bi Lasarte-Oriako bertso eskolarentzat

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 6a

Tolosaldea garaitu ostean, Earra! bertso eskolako Ane Labakak, Unai Muñoak eta Asier Azpirozek Hernaniri irabazi zioten Jalgin atzo gaueko bertso desafioa. Hernanitik gurera etorritako Arnaitz Lasartek, Iker Osak eta Oier Iurramendik ezin izan zuten ezertxo ere egin etxekoen nagusitasunaren aurrean eta ikusleen 35 bozketatik, 26 izan ziren lasarteoriatarrentzat.

Ordu eta erdiko saioa izan zen, Uxue Loinaz gai-jartzaile lanetan zela. Denetariko gaiak jorratu zituzten. Esate baterako, Arnaitz Lasarteren sagardotegiko komeriak, Oier Iurramendik Labakari kotxea gasolinarik gabe eta lokaztuta itzuli zionekoa, Iker Osa aitaren sukarra eta bere seme txikiaz izan ohi dituen etengabeko hizketaldiak, Unai Muñoa 'personal trainer' baten paperean, Arnaitz eta Aneren 'postre' eroak...

Ofizioka jarduteaz gain, bestelako ariketak ere egin zituzten, Oier Iurramendi eta Asier Azpirozek batak besteari jarritako errimen bidez osatutako Habanerak, Labaka eta Lasarteren bederatziko txikiak, puntuka librean... Eta azken ariketa. Naufragoarena doinuarekin ikusleek bozka Hernaniri edo Lasarte-Oriari zergatik eman argudiatu behar izan zuten.

Azkenean bertsoak, puntuak, bakoitza bere lekua jarri zuen. Publikoak ez zuen gupidarik izan. Lasarte Oriak 26 bozka, Hernanik 9. Dena den, beste behin ere, bertsolari gazteak izan ziren gaueko garaileak. Lehiak lehia, bertsotan egiteko beste plaza alai baten jabe egin direlako.

Hurrengo saioa Andoainen aurkako desafioa izango du Earra! bertso-eskolak, urtarrilaren 16an.