Kultura oparitzeko, euskarazko produktuen katalogoa

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 5a

Gabon garaia seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten da. Hori kontutan hartuta, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herriko ehun bat udalek, tartean Lasarte-Oriakoak. Udalak 2.000 etxeetan banatu du katalogoa, baina beste aleren bat nahi duenak euskara zerbitzuan du eskuragarri.

Edizio berri honek gurasoentzat eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu. Zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.

Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da gainera, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta.

Edizio digitala

Paperezko edizioaz gain, merkatuan aurki daitezkeen beste produktu asko agertzen dira www.katalogoa.org webgunean. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izanez gero, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko. Webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta irakurleek iruzkinak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.