Albiste honen argazkian ikusi daiteke zein itxura edukiko duen kultur etxeko auditorioak, abenduaren 10eko ekitaldian. Aulki eta butaka horietan eseriko dira herriko Islada Ezkutatuak, Euskal Memoria fundazioa eta BakEtik elkartea.
Maider Segurola herritarrak egingo ditu aurkezle lanak, eta hiru elkarte horiek elkarrizketatuko ditu.
Hiru urteko lana
Lasarte-Oriako Udalak antolatu du datorren asteazkeneko ekitaldia. “1936tik gaur egunera arte giza eskubideen urraketak jasan dituzten herritar guztiak” identifikatzeko lanean ari da Udala, Islada Ezkutatuak taldea eta Euskal Memoria fundazioarekin elkarlanean. “Hiru urte” daramatza zeregin horretan Udalak, eta ekitaldia antolatu du, epe horretan egindako “identifikazio eta ikerketa lanak sozializatzeko”.
Bestela esanda, bi talde horiek orain arte egin duten lana nola burutu duten azalduko diete herritarrei.
Hiru bloke
Sei ekitaldik osatzen dute guztira Giza Eskubideen eguneko ekitaldiko egitaraua. Hiru bloke egin dituzte, elkarte bakoitza ikertzen ari den aro historikoaren arabera banatutakoak.
Bloke horietako bakoitza elkarrizketa batek eta ikuskizun batek osatuko dute.
Lehenengo blokea 1936ko Gerra Zibila eta guda ondorengo urteei buruzkoa izango da. Islada Ezkutatuak herriko taldea ari da garai historiko hori ikertzen eta herritarrak identifikatzeko lanetan. Orain arte egindakoari buruz ariko dira, Maider Segurolarekin. Elkarrizketa bukatzean, Joseba Tapia musikariak emanaldia eskainiko du, 'Gerra Zibileko kantuak' izenekoa.
Bigarren blokean Euskal Memoria fundazioa izango da elkarrizketatua. Udalak hala eskatuta, “1960 eta 2014. urte bitartean jatorri anitzeko indarkeria politikoak eragindako ondorioen bilduma” egin du fundazio horrek, Udalak berak azaldu bezala. Elkarrizketa bukatu eta gero Joxemari Carrere ipuin kontalariak “gertuko historiaren inguruan” eskainiko du emanaldia.
BakEtik elkartea da Udalaren bizikidetza proiektuaren arduraduna, eta egiten ari den lana azalduko du hirugarren eta azken blokean. Horren ostean, Kukai elkarteak dantza garaikide ikuskizuna taularatuko du eszenatokian.
Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du “giza eskubideen urraketak jasan eta identifikatuta dauden herritar guztiei” luzatu diela gonbidapena gutun bidez. Era berean, alderdi politiko guztiak ere gonbidatzen ditu abenduaren 10eko ekitaldira, eta baita herritar guztiak ere.