'Txo' mikmak txikiaren abenturak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 5a

Durangoko Azokak ireki ditu ateak, urtero bezala. Hainbat liburu, disko eta gunez josita egongo da Durango egunotan. Lan guzti horien artean egongo da Pirritx, Porrotx eta Marimotots herriko pailazoen azkena ere: 'Txo, mikmak txikia' du izena. Gaur bertan aurkeztuko dute hiru pailazoek lan hori, 17:00etan, 'Saguganbara' gunean. Lan berria eskuratu nahi duen orok Katxiporretak azokan daukan gunean edukiko du aukera, gaurtik astelehenera arte.

Pasaiako 'Albaola' ontziolan dago oinarrituta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen lan berria. Ontziola horretan ari dira eraikitzen San Juan izeneko itsasontziaren erreplika, Donostia 2016 kultur egitasmoko ikurretako bat izango dena. 

Itsasontzi hori da herriko pailazoen azken laneko protagonistetako bat, 'mikmak' tribukoa den Txo izeneko gaztetxoarekin batera. Itsasoaren beste aldetik etorri da Txo, eta aitona Rokeren laguntzaz, mundua aldatzen saiatuko da. Horretarako, aitona Roke arotza dela baliatuz, San Juan izeneko ontzia eraiki eta itsaso zabalean zehar nabigatuko dute hainbat arazori aurre egin eta mundua aldatzeko.

Plastikoz beteta dago itsasoa, eta gaixo dagoen balea bat iritsi berri da hondartzara. Horiek dira Txo gazteak eta aitona Rokek konpondu beharko dituzten arazoetako batzuk. San Juan ontzian nabigatuz, itsasoa zeharkatuko dute enbata guztien gainetik. 

Arrantzale euskaldunak Ternuara joaten ziren arrantzara, orain dela hainbat mende; harremanak izan zituzten 'mikmak'-ekin. Tribu horretakoa da Txo gaztetxoa ere.

Xumelaren parte hartzea
Xabier Zabala musikariak konposatu ditu ‘Txo, mikmak txikia’ laneko abesti gehienak, hainbat artista eta musikarirekin elkarlanean. Herriko ‘Xumela’ abesbatzak berak ere hartu du parte hiru abestitan. Andoaingo Garate Studioan egin zituzten grabaketa lanak; urri amaierarako grabatuta zeukaten jada disko berri hori. 

Guztira 19 abesti daude entzungai lan berrian, eta beste hainbeste ipuin ere topatuko dituzte ‘Txo, mikmak txikia’ erosten dutenek. Lan berria eskuratu nahi dutenek Durangoko Azokan izango dute aukera, gaurtik astelehenera bitartean.

Euskalgintzaren topaleku
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren lan berria aurkeztuko dute gaur bertan, Durangoko Azokako ‘Saguganbara’ gunean. Arratsaldeko bostetatik seietara aurkeztuko dute ‘Txo, mikmak txikia’ herriko pailazoek.

Gaurtik astelehenera bitartean, Durango euskalgintzaren topagune bilakatuko da. Lau egunetan, kultur eskaintza zabala egongo da 49. Azokaren egitarauaren baitan. Zortzi gune izango dira aurten eta bertan lekua izango dute musika emanaldiek, bideo proiekzioek edota irakurraldiek besteak beste. Urtero bezala bisitariek, musika talde eta idazleen azken nobedadeak bertan aurkituko dituzte.