Joan berria da Euskararen Nazioarteko Eguna. Nazioarteko egunek izan ohi duten argi eta dizdira hartu du aurten ere euskararenak eta urtero legez, gainerako Nazioarteko Egunekin gertatzen den bezala, hori egia da, pixkanaka itzali egingo dira su artifizialak.

Gizakiok, eta gizaki garen neurrian euskaldunok berdin, badugu euforia momentuetarako joera. Egokitzen denean, hala tokatzen denean, zainak puztuko zaizkigu, giharrak tenkatuko eta ozen hitzegingo dugu pobreziaren kontra, berdintasunaren alde, politikoenganako irainetan edo euskararen salbaziorako edozertarako prest. Bi ardo edo hiru zurito edaten ditugunean sortzen zaigun ahalmen sentsazioa ekartzen dit gogora horrek. Baita futbol talde batek, Barsaren edo Madrilen aurkako lehian, duena eta ez duena eman eta garaipena lortzen dueneko aldi bakarren bat ere.

Baina jarri ditudan adibide ale horiek bakanegiak dira, aldika aldika egiten diren balentria hutsalak gehienetan. 

Onartu behar dut ni neu ere bizitzan gauzak kolpeka egiten dituen horietakoa naizela eta horregatik badakit zertaz ari naizen. Jarrerarik errazena da, ez egokiena baina batek nekez egin dezake bere berezkotasunetik haruntzako biderik. 

Nahiz jakin eta onartu hobe nukeela, hobe genukeela egunero saiatu berdin kirol dematan, pobreziari erantzun bat ematen edo bete betean euskaraz bizi-tzen. Aitzakia asko jarri ohi dugu baina ez dezagun geure burua engaina: jarrera kontua da. Beraz, eta orain hitzetik hortzera darabilgun adierazpide bat erabiliz... GURE ESKU DAGO!!!