Espainiako Gobernuak zigorrak metatzeko Europako arau bat bere legedian txertatu ondoren iritsi da Arrozpideren askatasuna. Lasarteoriatarrarekin batera, Alberto Plazaola oñatiarra ere aske utziko dute. Fiskaltzak erabakia Auzitegi Gorenera errekurritu badu ere, aske irtengo dira bi presoak.
Frantzian edo Iparraldean atxilotu eta zigorrak bertan bete ondoren Espainiak ere zigortu dituen euskal presoetako bi dira Plazaola eta Arrozpide. Lege honen irizpidearen arabera, Frantzian betetako espetxe urteak kontuan hartu, eta Espainiako kartzeletan bete beharreko urteei gutxitu beharko zaizkie.
Arrospide 2025ean zen irtetekoa, baina lege hau indarrean jarri denez, 2013a litzateke irteera urtea, beraz, aske utzi behar izan dute. Izan ere, zigorrak Europako Batasunean modu bateratuan hartu behar direla dioen 7/2014 araua indarrean jarri dute Espainian gaur bertan.
Lagunak, bidean
Senide eta lagunak arratsaldeko 19:00ak aldera iritsiko dira Villenako espetxera: “Orain Zaragozan gaude, lau ordu falta zaizkigu Alacantera iristeko, baina jakin dugunez, Santiri eguerdian esan diote aske utziko zutela. Jakin bezain pronto kotxea hartu eta bidean jarri gara. Espero dugu gu iristerako bera kanpoan egotea eta gurekin ekartzea, sekulako poza daukagu”, adierazi du lagunetako batek.
Irakurri albisteak berria-n eta naiz-en.