"Guk Kirola euskaraz"

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 4a, 10:50

Lasarte-Oriako udaleko euskara sailak hitzarmena sinatu du herriko kirol elkarteekin. “Guk kirola euskaraz” leloarekin bat egin dute Intza, Ostadar SKT, Texas, LOKE eta herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteek. Honen bitartez euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute kirol taldeek eta ikasturte honetan besteak beste, hizkuntzaren diagnosia egingo dute. Euskararen egunean egin nahi izan zuten hitzarmenaren sinadura ekitaldia eta honetan kirolari gazteen babesa ere izan zuten.

Euskararekin konpromisoa adierazi zuten atzo Euskararen Nazioarteko Egunean, herriko kirol elkarteek Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Intza, Ostadar SKT, Texas, LOKE eta herriko hiru ikastetxeetako kirol taldeetako ordezkariek adostuta, kirolariek euren kamisetetan “Guk kirola euskaraz” leloa eramango dute hemendik aurrera eta elkarteek egiten dituzten karteletan, kirol ekipamendu ezberdinetan eta dokumentuetan jarriko dute hau ere.

Hartutako beste konpromisoen artean, herriko kirol elkarteek Euskara sailarekin ikasturte honetan hizkuntza diagnosia egingo dute. Horren emaitzen arabera, 2015-2016 ikasturtean euskara euren eguneroko lanean bultzatu eta sustatzeko helburuak, lan ildoak eta konpromisoak zehaztuko dituzte.

Taxio Arrizabalaga kirol arloko zinegotziak eta Boris Nogales Euskarakoak azpimarratu zuten agerraldian hitzarmen honen garrantzia. Biek aipatu zutenez, asko dira kirol talde hauetan dabiltzan herritarrak eta hitzarmenak euskararen presentzia bermatu eta sustatzeko bidea zabaltzen du.

Hitzarmenaren aurkezpena egin ostean, Pablo Barrio alkateak banan-bana sinatu zituen hitzarmenak kirol taldeen ordezkariekin.