Aterpearen Gabonetako kanpaina martxan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 3a

Bi dira Aterpea merkatari eta ostalarien Gabonetako kanpainaren oinarriak: kaleetako argiak eta Gabonetako saskien banaketa. Argi gehiago jarri dituzte aurten Aterpeakoek: Pablo Mutiozabal kalea ere apainduko dute argiek aurten. Lasarte-Oriako Udalaren laguntza izan du elkarteak, argiteria jartzerako orduan.

Bestalde, urtero legez, Aterpea osatzen duten komertzio eta dendek Gabonetako saskiak zozketatuko dituzte bezeroen artean. 28 komertzio eta tabernak zozketatuko dituzte aurten saski horiek, bakoitzak bana. Herritarrek denda horietan erosketak egin ostean txartel batzuk jasoko dituzte. Txartel horiek bete eta komertzioetan bertan jarriko dituzten kutxetan bota beharko dituzte. Abenduaren 9an hasiko da saskien kanpaina, eta 30ean egingo da zozketa.

Herriko komertzioak argituz

Lasarte-Oriako kaleak apaindu eta girotzeaz gain, dendetako salmentak pizten dituzte Gabonetako argiek”, adierazi du Aterpeako kide Ramon Ormazabalek. “Ahalegin handia egiten du Aterpeak urtero, gure elkartearen barruan dauden komertzioen kaleak argiztatzeko. Aurten argi gehiago jarriko ditugu, Pablo Mutiozabal kalean aurten lehen aldiz”.

Ormazabalek instituzioen laguntza ere nabarmendu du: “Aterpeak eskerrak ematen dizkie Lasarte-Oriako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, haien ekarpenei esker argiak jartzearen kostua gure gain har dezakegulako”.

Aterpeako zenbait kideez gain, Pablo Barrio alkatea eta Dioni Avila enplegu teknikaria ere joan dira agerraldira, Udalaren izenean. Barriok adierazi du “alaitasuna eta poza” ematen diotela argiek herriari, eta “herritarrak Lasarte-Orian geratzeko pizgarria” dela.

Herriko merkataritzak egiten du herria. Biztanleak Lasarte-Orian ibiltzea, egotea, erosketak egitea... denontzat onuragarria da hori”, esan du alkateak.

Saskien zozketa

Loteria salgai jarri du Aterpeak, lasarteoriar guztien artean “zortea banatzeko” asmoz, Ramon Ormazabalek aipatu duenez. Aterpeako 28 komertzio eta tabernak hartuko dute parte saskien kanpainan; abenduaren 9an hasiko da. Denda horietan erosketak egiten dituzten bezeroek txartel batzuk jasoko dituzte. Horiek bete eta kutxa batzuetan sartu beharko dituzte. Txartel guztiekin zozketa bat egingo du elkarteak abenduaren 30ean.

Pablo Barrio alkateak saskien kanpainaren balorazio bat egin du: “Aterpeako komertzioei esker herritarrek ziurtatuta dute sari potolo bat, 28 denda horietako bakoitzean. Pozgarria da hori ere, hurrengo urteetan jarraitu beharreko gauza bat”.

Euskararen eguna

Abenduaren 3ko eguerdia hautatu dute Aterpeak eta udaleko ordezkariek agerraldia egiteko. Euskararen eguna ere bada gaur, eta biek izan dute gogoan hizkuntza hori.

Koldo Mitxelenaren aipu bat irakurri du Ramon Ormazabalek, Aterpearen izenean Euskararen egunari babesa emanez: “Hizkuntza bat ez da espiritu leun bat, izaki bat baizik, gure gizarte, biztanle, komertzio eta tabernen artean bizi dena. Beraiek dira bere oinarria, eta beraiek dira bizia ematen diotena”.

Pablo Barrio alkateak Mitxelenaren aipua goraipatu du, eta horren harira aipatu du “izaki bat” dela euskara, ikusten ez dena, baina “herritarren aho, buru eta bihotzetan entzun” egiten dena. Horregatik, “gaur eta egunero zaindu” egin behar dela nabarmendu du alkateak.