Lasarte-Oria eta Hernaniren arteko bertso-desafioa ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abenduaren 3a

Bertsozaleek etzi izango dute aukera Lasarte-Oriako Earra! bertso-eskolak antolatutako bigarren bertso-desafioaz gozatzeko, Jalgi kafe antzokian, 22:30ean. Hernaniko hiru bertsolari izango dituzte aurkari oraingoan herriko bertsolariek. Aurtengo bigarren desafioa izango da; azaro hasieran egin zuten lehena, herriko Earra!-k eta Tolosaldeako Harituz bertso eskolek.

Duela ia hilabete egin zuten Earra! eta Tolosaldeko Harituz bertso eskolek lehenengo bertso desafioa. Herriko bertsolariek eskuratu zuten garaipena orduko horretan. Bigarrena lortzen saiatuko dira etzi, Hernaniko hiru bertsolariren kontra. Unai Muñoa, Ane Labaka eta Asier Azpiroz ariko dira Earra!-ren izenean, eta Iker Osa, Oier Iurramendi eta Arnaitz Lasarte Hernaniko Bertso Eskolaren izenean.

Bertsoez gozatu nahi dutenek badute beraz plana ostiral gauerako: Lasarte-Oriako eta Hernaniko bertso eskolen arteko desafioa burutuko dute Jalgi kafe antzokian, 22:30ean.