Urrian egin zen plaza irekian hasitako bidean, lehen faseari ekin dio EHBilduk, Balorazio faseari. Honetan, "ahalik eta balorazio zabal eta zintzoena egiteko herritarren artean eskuz esku 1000 inkesta egiteko ekimena jarri dugu martxan" EHBildutik inkesta hauek agintaldi honetan egin den lana baloratzeko tresna egokia izango direla uste dute.
Inkesta hauetan, azken hiru urtetan udal kudeaketan erakutsitako "gertutasuna, gardentasuna eta parte-hartzea bezalako baloreen lanketaren inguruan galdetzen dugu. Bestetik, udal baliabide ekonomiko eta pertsonalak xahutu gabe eta modu arduratsuan erabili ditugun, proiektu berritzaileak aurrera eraman ditugun eta azkenik ea modu zabalean alderdikeriarik gabe jokatzen aritu garen galdetzen dugu".
Horrela, herritarren iritziak zeintzuk diren jakin nahi da. "Ondoren, egin beharreko autokritikak egin eta etorkizunean hobetzeko".
EHBildutik oso beharrezkoa ikusten dute "herritarren parte-hartzearen bitartez eta modu ireki batean lan egitea, gainontzeko alderdi politikoengandik ezberdinak eta benetan herritar oinarria duen aukera politiko bat izan nahi badugu". Horretarako ere programa eta hautagaiak udalerriko herritarren artean aukeratu behar dituztela uste dute, "gure helburua, jokaera eredugarria izan eta koalizioaren barruan, orain artean Udaletxean egiten saiatu garen bezala, gardentasuna lantzea baita".
Inkesta egin nahi duten herritarrek sarean dute aukera "lasarte-oria.ehbildu.eus/ helbidetik jaitsi, bete, gutun-azal batean sartu eta Udaletxe zaharreko bigarren solairuan utzi".