Villa Mirentxun hasiko dira larunbateko eta igandeko ibilbide historikoak, 12:00etan. Larunbatekoa euskaraz izango da igandekoa berriz, gazteleraz. Bertatik Okendo plazara, San Pedro eliza ingurura, Brigitarren Komentura eta Hipodromoko zubira joango dira. Gune horiek Gerra Zibilean nolakoak ziren azalduko dute Islada Ezkutatuak taldeko kideek.
“Lehenengo ibilbide honetan ez ditugu eskuorrian agertzen diren gune guztiak ikusiko. Ordu edo ordu eta erdiko ibilaldia izango da, herritarren parte hartzearen arabera”, azaldu zuen ostiralean Mikel Amenabar Islada Ezkutatuak taldeko kideak.
Aurkezpena egin zuten ostiral arratsaldean, larunbateko ibilbide historikoari buruzko xehetasunak emateko. Islada Ezkutatuak taldeko Mailu Arruti eta Mikel Amenabarrek eta Pablo Barrio alkateak eskaini zuten prentsaurrekoa Manuel Lekuona kultur etxean.
Oroimen historikoa islatzen
“Oroimen historikoa aztertu eta zabaltzen dugu; lan horren barruan dago kokatuta larunbatean herrian zehar egingo dugun ibilbidea”, azaldu zuen Mailu Arrutik.
“Hiru informazio iturri baliatu dugu ekimena antola-tzeko: adineko pertsonen testigantzak entzun ditugu, udaletxeetako artxibategiak kontsultatu eta Gerra Zibil garaiko prentsa aztertu”, aderazi zuen Arrutik.
“Udala azaroan zehar giza-eskubide desberdinak lantzen” ari delako erabaki du Islada Ezkutatuak taldeak ibilbidea hilabete honetan egitea. “Eskuorriari mapa forma eman diogu, herriko 34 gune desberdin islatzeko formatu egokia delako”.
“Guk orain arte bildu eta aztertuko dugunari buruz ariko gara larunbatean. Beti egiten dugun moduan, herritarrei esan nahi diegu oso gustura jasoko ditugula datu, izen eta gisa horretako dokumentuak, oroimen historikoa osatzen jarraitzeko”, azpimarratu zuen Arrutik. Mikel Amenabarrek gogorarazi zuen “jakin min hutsagatik” egiten duela lan hori Islada Ezkutatuak taldeak, ez “mendeku nahiagatik edo gorrotoagatik”.
Udalaren “babesa”
“Proposamen oso interesgarria da Islada Ezkutatuak taldeak planteatzen duena. Askotan ez ditugu ezagutzen gure herriko historiaren xehetasunak, zer eta non gertatu ziren hainbat eta hainbat gauza”, adierazi zuen Pablo Barrio alkateak ostiralean. “Urrats oso polita egin dute herritarrengana hurbiltzeko; Udalaren babes osoa dute lanean jarraitzeko”.