Garapen ekonomikoa aztertzen

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 24a

Innoforo lehenengo saioa egin zuten ostegunean Villa Mirentxun. Saio hauek Donostia-Beterriko garapenerako ardatz estrategikoak identifika-tzeko eskualdeko eragile sozioekonomikoen arteko espazio parte-hartzailea dela azaldu zuten.

Mertxe Aizpurua eta Luis Intxauspe Usurbil eta Hernaniko alkateek egin zuten lehenengo Innoforo saioaren aurkezpena Villa Mirentxun ostegunean. Horiekin Pedro Iturbe Aldundiko Lurralde Garapenerako zuzendaria egon zen. Lan saioan, besteak beste, eskualdeko alkateak izan ziren parte hartzen eragile ezberdinekin, tartean Pablo Barrio. 

Aldundiko ordezkariak, Innoforo ekimena babestu eta eskualdean garapen agentzia sortzeko udaletxeak egiten ari diren lana aitortu zuen. 

Garapen agentzia eskualderako onuragarria izango dela aipatu eta Aldundiarekin elkarlanerako bide guztiak zabalik daudela azpimarratu nahi izan zuen. Innoforo saioen helburua, eskualdean enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko ekimen zeha-tzak eta praktikoak abian jartzea izango dela azaldu zuten. Baita eskualdearen garapen sozioekonomikoari laguntzeko politika publikoak definitzea ere.
Egitasmoaren dinamiza-tzaileek esan zuten ikerketak egitea ez dela saio hauen helburua. “Ez da foro bat Donostia-Beterriko arazoen gainean hitz egin dezaten eskualdeko agenteek. Ekonomia aktibatzeko aukera berriak sortzeko tresna da Innoforo; enpresen eta bertako eragileen artean elkarlanean aritzeko; datozen urteetan jarduera sozio-ekonomikoa sortuko duten proiektu berriak eta enplegua bultza-tzeko”. Aurreikusitako lan ildoak honako hauek izango dira: Eskualdean garatzeko bidean dauden edota estrategikoak diren sektoreak identifikatzea; tokiko garapena modu koherentean lantzeko estrategia definitzea; aukera-espazioak identifikatzea; aukerak eta ekimenak zehaztea eta abian jarri eta tokiko garapenerako politika aproposak identifikatzea.

Bilera hauek hamabostean behin egingo dituzte eta eskualdeko udal guztiek batera bultzatutako ekimen honek, Andoainek, Astigarragak, Hernanik, Lasarte-Oriak, Urnietak eta Usurbilek, Aldundiaren Berrikuntza, landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuaren laguntza du.