'Euskarak 365 egun' ekimena martxan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 28a

Euskararen Nazioarteko eguna izango da abenduaren 3a, eta egun horretan bakarrik ez, egunerokoan erabiltzearen garrantzia azpimarratu eta sustatu nahi du Topaguneak, martxan jarri duen #365egun kanpainaren bitartez. Lasarte-Oriako Ttakun KE-k ere bat egin du ekimenarekin eta Txintxarri aldizkariaren barnean datorren etxeetan jartzeko kartelaz gain, abenduaren 3an herriko txikienentzako ekintzak prestatu ditu. Asmoa hauxe, euskara urteko egun eta esparru guztietan erabiltzearen beharraz kontzientziatzea, “euskaltzaleon auzotik euskararen herrira” jauzia emateko. Ttakunek Txintxarrirekin batera jasoko duzuen kartela leiho eta balkoietan jartzeko gonbidapena luzatzen dizue.

Administrazioan, umeekin, gazteen artean, hezkuntzan, osasun arloan... Finean herrian euskara erabiltzeko deia eginez hainbat lelo zabaldu nahi ditu Topaguneak #365egun kanpainaren bidez.

“Euskaltzale guztien” ekimena izatea nahi dute, herri mailan euskalgintzaren eta gizartegintzaren alde lan egiten ari direnen “artikulaziorako” tresna. 

Hori lortzeko, hiru oinarri finkatu dituzte: “Kalea, komunikazioa eta mezua”. Euskaltzaleen konpromisoa indartu eta kalea komunitatearen eskaerez betetzea da asmoa, ahalik eta esparru zabalenean.

Denera 37 herri eta eskualdetan egingo dute ekimena, iazko datua (32) gaindituta, zabalkunde garrantzitsua izango dute aurten ere euskarriek. Guztira 44.000 kartel eta 27.000 pegatina inprimatu eta zabalduko ditu Euskaltzaleon Topaguneak eta Lasarte-Oriako kaleetan ere presentzia izango dute Ttakuni esker.

Sare sozialetan ere protagonismoa izango du kanpainak #365egun traolaren bitartez eta “aipu hutsa” baino, “konpromisoa” lortzen ahaleginduko da Topagunea. Gainera, www.365egun.eu webgunean argazki mosaiko erraldoia osatuko da jasotako argazki guztiekin. Ttakunetik herritarrak animatzen dituzte honetan parte hartzera.

Elkarlana ardatz
Euskal Herriko bestelako ekimenekin ere loturak lantzen ari da Topagunea: Euskaraz Bizi Nahi Dut-ekin, EHE-rekin, PuntuEus elkartearekin eta Eusko Ikaskuntzarekin, besteak beste.

Guztien artean “ikusgarritasuna” lortu eta “bikoizketak” ekiditea da asmoa, “epe luzera” emaitzak lortzeko euskalgintzaren alorrean.

Ekimena Lasarte-Orian
Ttakun Kultur Elkarteak herri mailan ere landu nahi du #365egun euskaraz ekimena. Horretarako, Txintxarrirekin batera etxeetara iritsiko diren kartelekin. 

“Zabalkunde masiboa” egin nahi du euskara elkarteak denda, taberna, etxebizitza eta eraikin publikoetan. Kartel zuri eta arrosak presentzia izango dute beraz herriko kaleetan eta aldizkariarekin datorren kartela balkoietan, edo leihoetan, leku ikusgarrietan jartzeko proposamena luzatu nahi diete lasarteoriatarrei.

Abenduak 3
Abenduaren 3a, asteazkenean izango da Euskararen eguna eta egun horretan ospatuko dute batez ere txikienek Euskararen Nazioarteko Eguna. 

Ttakunen baitako ume eta gaztetxoen programetan, Gazteklubeko gaztetxoek esaterako 'Agurren txapelketa' egingo dute Manuel Lekuonako areto nagusian 18:00etan hasita. 

9 eta 12 urteko neska-mutikoek agur bereziena asmatu beharko dute epaimahaia harritu eta lehia irabazteko. Saria begiraleen agur berezia izango dela aurreratu dute sustatzaileek. 

Amaraungo umeek berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen laguna den Martin Bertsoren bisita izango dute Ludotekan 18:00etan. 

Ekintza 4 eta 8 urte arteko haurrentzat izango da eta honekin saio polit batez gozatuko dute. Bertsotan egiteko aukera izango dute besteak beste.