Ekarpen garrantzitsua egin zuen gai askotan: errotagintza eta industria aurreko hidraulikan, albaitaritzan, artisautza eta lanbide tradizionaletan, festetan, erlijio herrikoia eta ermitetan, Euskal Herriko hileta kulturan, gipuzkoar komunitate lokaletako historian etab.
Antxon Aguirre Sorondok “euskal ondarea bere esanahi zabalenean zabaltzeko egindako lan itzela” nabarmendu du epaimahaiak.
1983an eman zuen lehen aldiz Manuel Lekuona saria Eusko Ikaskuntzak. Euskal komunitate globalerako ekarpen adierazgarria egiten duten pertsonen obra osoei errekonozimendua ematea du helburu sariak. Aurten, lehenengoz, herritarren botoekin eta sei kultur eta zientzia erakundek osatutako Epaimahai Instituzionalaren bidez hartu da erabakia. Boto horien gehiengoak Antxon Aguirre Sorondoren hautagaitza babestu du. Botoek azken emaitzaren %50 balio zuten, beraz, erabakiaren beste erdia Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Institutua eta Euskarabideak osatutako Epaimahai Instituzionalaren esku egon da.
Hainbat pertsona adierazgarrik irabazi dute sari hori azken urteetan: Jorge Oteizak, Jesus Atxa Agirrek, Menchu Galek eta Montxo Armendarizek esate baterako.