Zortzigarren miraria egin du Jalgunek Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 29a

Jalgune elkarteko kideak edozertarako gai direla erakutsi dute beste behin. Egiptoko piramideen edota Txinako harresiaren pare jartzea lortu dute, Manuel Lekuona munduko zortzigarren mirari bilakatuta. Jendez lepo egon da kultur-etxeko areto nagusia, eta bertaratuek sekulako gozatua hartu dute Jalguneko lagunen dantza, bertso, bideo, esketx eta koreografiak ikusi eta entzuten.

Hamar zati edo emanalditan banatu dute ikuskizuna: 'Zure begiek... Amesten dute!' , 'Qué contento estoy', 'Sevillanas por el mundo... Para bailar', 'Laguna nauzu!', '8 apellidos vascos', 'Hakuna Matata', 'Ezberdin berdinak!', 'El chiringuito', '¡Y lo sabes! Ze esaten/k!' eta 'Tod@s juntos... A celebrar!' izan dira arratsaldeko hamar kapituluak. Urtean zehar Dinbi Banda edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin osatutako ekintzen bideoak tartekatu dituzte eta Semblante Rocierok, Sasoeta-Zumaburu eta Nahaste Borrasteko haur eta helduek lagundu diete esketx batzuetan. Gero, indarrak berreskuratzeko pintxoak jateaz gain, herritarrekin photocall-a egin dute kultur-etxeko atarian.

Eta garrantzitsuena. Manuel Lekuona bete duten 500 lagunak, guzti-guztiak, irribarretsu irten dira aretotik. Hori bai dela benetako miraria. Dena, Jalguneko lagunei eta haien begiraleei esker. Lan bikaina. 

Jalguneren jaialdiko argazki-galeria: http://txintxarri.eus/galeria/650/