Hemezortzi herritarrek amaitu dute Donostiako Maratoia

jon-altuna-egitegi 2014ko azaroaren 30a

Izena emanda herriko ia 30 atleta bazeuden ere, Maratoiarenak hitz handiak dira. Gorputzari 42 kilometro sartzea ez da txantxetako gauza eta ondorioz, hemezortzi korrikalarik soilik lortu dute atletismoaren distantzia mitikoa osatzea. Eguraldia primerakoa izan da, tarteka xirimiria egin du eta haizerik apenas izan dute. Lasterka egiteko ezinhobea. Anoetako estadioan kokatuta zegoen helmugan poza izan da nagusi, nekea eta emozioekin nahastuta.

Emaitza esanguratsuenak

Gizonezkoetan onena Andoni Illarramendi izan da 2:44:50ko denborarekin eta emakumezkoetan Anabel Eleno, maratoia amaitu duen lasarteoriatar bakarra, 3:23:37 eginez. 

Aipatzekoa Iraitz Arruabarrena mendi-lasterkariak estreineko maratoian hiru orduen langa jaistea lortu duela (2:54:06) eta Julen Ollokiegi atleta zailduak 34 segundo krudelengatik ezin izan duela gauza bera egin (3:00:34). Imanol Arteaga eta Xabier Carcedo ere ingurumari horretan ibili dira, 3:01:48 eta 3:05:00 eginez hurrenez hurren.

Aitor Otamendik Lasarte-Oria Bai!, New York Marathon, Behobia-Donostia eta Donostiako Maratoia kateatu ditu, balentria handia eginez hilabete eskaseko epean. Jakina, hankek 'kitto' esan diote eta 3:08ko bere markatik urrun ibili da gaur 3:17:36ko denborarekin.

Ramon Mendizabal eta Peio Fadriquek beste maratoi bat gehitu dute euren zaku oparora eta herritarren artetik azkena, baina Pedro Nimo (2:15:57) maratoiaren 37. edizioaren garailea bezain txapelduna dena, Sergio Rivera izan da, 4:32:53 eginda. 

Era berean, emakumezkoetan, Anabel Elenok 40 urtez gorakoen sailkapenean hirugarren postua erdietsi du bere lehen maratoiean. Emakumezkoen elite mailan Veronica Perezek jaso ditu bi besoak 2:34:45eko denborarekin.