Gaur goizean 10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek Michelin kolorez bete dute. Ordizia, La Unica, Zarautz, La Rioja eta Beltzak taldeek goiz-pasa ederra egin dute errugbian lehen urratsak emanez.
Seniorrak, geldiezin
Asteburuari amaiera bikaina jarri diotenak, seniorrak. Eguerdian A Coruñako Crat garaitu dute 35-5, Ohorezko B mailako sailkapenaren goiko postuetan finkatzeko.
Galiziarrek joko azkarra eta mele indartsua erakutsi dituzte, baina Babyauto ZRT/Beltzak taldeak erakutsitako sendotasuna erabakigarria izan da. Lehen zatian aurkariak hustu, indargabetu egin dituzte eta 56. minutuan entrenatzaileek lehen lerroan egindako aldaketek berehala eman dituzte fruituak.
Lasarteoriatarrei dagokienez, hasieratik jokatu dute Xabier Rekondok eta David Vegak. Unai Urruzola, Ander Rekondo eta Xabi Prieto bigarren zatian zelairatu dira. Azken honek egin du partidako azken entsegua, Ohorezko B mailan Beltzaken harrobiko jokalari batek egiten duen lehena izan da gainera. Jakina, Lasarte-Oriatik Zarautzera joan diren zaleen zoramena ikustekoa izan da.
Datorren larunbatean, 12:30etatik aurrera, Ligako neurketa garrantzitsuenetakoa jokatuko dute lider doan Durangoren aurka. Lehen itzuliko azken partidua da, eta Babyauto ZRT/Beltzak bizkaitarrengandik puntu bakarrera daude sailkapenaren bigarren postuan.