GHPko taberna kudeatzeko deialdia egin du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 18a

“Lasarte-Oriako irabazi asmorik gabeko” talde eta elkarte desberdinei egin die gonbita Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak sailak, GHP Gabonetako Haur Parkeko taberna eta sarrera kudeatzeko. Interesa dutenek abenduaren 15a baino lehen sartu beharko dute eskaria udaletxeko erregistroan. Ondoren, elkarteen proiektuei oniritzia eman eta zerrenda osatuko dute; zozketa bidez erabakiko dute nork kudeatuko dituen GHPko taberna eta sarrera.

“GHP parkean 11 egunez egin beharko du lan aukeratutako elkarteak; aurrez justifikatu beharko dute giza baliabide eta langile nahikoak izango dituztela. Egun horietan ateratzen den dirua elkartearentzat izango da; helburua da diru-sarrera bat eskaintzea irabazi asmorik gabeko taldeei, herrian egiten duten lana aintzat hartzen eta baloratzen dugulako”, adierazi dute Gazteria, Festa eta Kirolak sailetik.

Sarrera eta taberna

“Hautatutako elkartearen ardura izango da GHPko sarreraren kontrola eta tabernaren kudeaketa”, esan du Udalak. Zehaztu du sarrerak Gazteria, Festak eta Kirolak sailak emango dituela zuzenean saltzeko; tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa berriz, elkartearen ardura izango da. Era berean, lortutako irabaziak talde aukeratuarentzat izango dira.

Prozedura

GHPko taberna eta sarrera kudeatu nahi duten elkarte guztiek abenduaren 15a baino lehen sartu beharko dute euren eskaria udaletxeko erregistroan. Ondoren, Udaleko Gazteria, Festak eta Kirolak sailak talde horien proiektuak aztertu eta oniritzia emango die.

Onartutako proiektuekin zerrenda bat osatuko da, eta zozketa egingo dute gero, erabakitzeko zein elkarterena izango den GHPko taberna eta sarrera kudeatzeko ardura. Gazteria, Festak eta Kirolak sailak zehaztu duenez, “kontutan hartuko da zerrenda hurrengo urteetara begira; talde desberdin bati eskainiko zaio GHPren kudeaketa urtero”.