Egin dieten errekonozimenduarekin “harrituta” eta “eskertuta” hitz egin du Amaia Andres LOKEko presidente olinpikoak: “Ez genuen espero, eta poza bikoitza da taldeko lorpena delako, aurrera jarraitzeko sekulako indarra ematen digu. Familia txiki bat gara”.
Izan ere, horixe baita LOKEren sekretuetako bat, isilean, Michelingo moduluan metroz metroz, saltoz salto eta ariketaz ariketa ikastea, haztea taldekideak eta entrenatzaileak alboan izanda.
“Argi dugu gure helburua herriko eta inguruko atletak formatzea dela, gero Gipuzkoako klub handiek fitxatu ditzaten, horixe da klubaren funtzioa”, argitu du Andresek.
Atletak, gurasoak eta klubeko zuzendaritza izan ditu gogoan LOKEko presidenteak eskerrak ematerako orduan, baina bereziki bi izen aipatu ditu: “Xabi eta Eneko Castro aita-semeena da errekonozimendu hau, beraiek hasitako lanari jarraipena eman besterik ez diogu egin Oscar eta biok, oso berezia da guretzat”, adierazi du.
Itoitz Rodriguez, saritua
Aitortza berezia jaso du era berean Itoitz Rodriguez Realeko atletak iazko denboraldiagatik.
Etorkizuneko atleta gipuzkoar onenaren saria eman diote 2013/14 sasoian LOKEn egindako lanarengatik. Euskadiko errekorra hautsi zuen 400 metroetan Valladoliden (48,39) eta brontzezko ezkurra eman dio Federazioak lorpen horrengatik. Gainera, Espainiako indoor txapelduna izan zen jubenil mailan Valentzian eta Bakura, Azerbajainera joan zen Gazteriaren Olinpiar Jokoetako kanporaketa europearretan parte-hartzera.