Bost gizon aritu ziren lehian: Inhar Urruzuno, Josetxo Urrutia, Jagoba Otaegi, Iñigo Eizagirre eta Urtzi Telleria herritarra bera.
Egin beharreko lana honakoa: 125 kiloko errektangularra, 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola hiru minutuko saioetan ahalik eta gehienetan berdintzea.
Lanik onena Inhar Urruzunok osatu zuen. Ondarrutarrak 11.537,5 kilo jaso zituen, lau harriei 99 jasoaldi emanda eta 21 gutxiago eman zizkien Urtzi Telleria herritarrak, 78 denera, 9.062,5 kilorekin.
Atzetik Urrutia, Otaegi eta Eizagirre sailkatu ziren hurrenez hurren.
Telleria, konforme
“Gure helburua lana behar bezala egitea zen, lortu genuen eta gustura nago”, adierazi du Urtzi Telleriak.
Lehen postua “urrun” ikusi zuela onartu eta hirugarren harriarekin “momentu txarrak” izan zituela aitortu du: “Zorabiatzen hasi nintzen, 80 kilo azpiko mailan sartzeko dieta gogorra egin nuen udaran eta nerbio falta antzeman dut txapelketan. Dena den, hirugarrenarengandik aldentzen ari nintzela ikusita, lasaitua hartu eta indarberritu egin naiz, oso pozik nago. Lehen postua garesti zegoen Urruzunok ni baino 16 kilo gehiago pisatzen dituelako, beraz, ezin inolaz kexatu”.
Orain, atseden hartuko du Lasarte-Oriako harri-jasotzaileak, otsaileko txapelketak buruan.