Nortasun ezkutatuen bila

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 21a

Islada Ezkutatuak Lasarte-Oria eta inguruetan 1936ko gerra eta ondorenak aztertzen dituen elkarteak herritarren laguntza behar du jasotako argazkietan herritarrak identifikatzeko. Irudiak Maria Jesus Noguesek utzi dizkio taldeari eta bertan agertzen diren batzuen izenak jakin arren, beste aurpegi askori izena eta abizena jarri nahi diete. Informazioa duten herritarrei taldearekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie isladaezkutatuak@gmail.com helbidean edo 695 75 65 56 zenbakian.

Islada Ezkutatuak taldea herrian eta inguruetan 1936ko gerra aztertzen ari da. Helburua herritarren testigantzak jasotzea izan da baina baita garaiko dokumentuak zein argazkiak biltzea ere.
Kasu honetan, Maria Jesus Noguesek utzitako bi argazki helarazi ditu taldeak. Bietan, Lasarte-Oriako gudariak eta milizianoak ageri dira, Laredon 1937. urtean, jada euskal ejertzito errepublikarra erretiratzen ari zenean, gerra galduta Bizkaiko frontean.

“Zehazki ez dakigu non aterata dauden argazkiak, Laredo izan daiteke baina baita Santoña ere, inguru horretan”. Irailaren 15ean sartu zen  ejertzitoa Lasarte-Orian, egun batzuetan Burun-tzako frenteak, Molaren agindupean Nafarroatik zetorren ejertzitoa  gelditu zuen eta orduan, taldeko kideek uste dutenez, herritar asko ihesi atera zen kostaldera. 

“Horrela abertzaleen kasuan, elkartzen eta antolatzen joan ziren talde ezberdinetan gerran parte hartzeko. Sozialistek aurre hartu zioten erasoari eta herrira iristerako, antolatuta zeuden batailoi ezberdinetan”. 

Taldeko argazki hauetan ez dute zertan denak herrikoak izan behar “argazki hauek ba-tzuetan bataloika ateratzen ziren, beste batzuetan berriz, nonbaiten herritarrak topo egin eta denak batera argazki bat ateratzea eskatzen zuten nolabait, oroigarri modura”. 

Horrela, Lasarte-Oriako gudariekin ez litzateke arraroa izango inguruko herrietako lagunak ere agertzea. 

Izena jartzearen garrantzia
Testigantzak medio, dagoeneko identifikatu ahal izan dituzte kideetako batzuk baina falta direnen izen-abizenak jakiteko, herritarrei laguntza eskatzen diete. Argazkiak ikusi eta norbait ezagutzekotan, isladaezkutatuak@gmail.com helbidera idatz dezakete herritarrek edota 695 75 65 56 zenbakian beraiekin harremanetan jarri.

“Abizena, izena edota mutil hori zein etxetakoa zen gogoratzen badu norbaitek ere lagungarria izango da guretzat”. Jendea argazkiak ikusi eta harritu egin da ikustean herrian hain ezagunak izan diren pertsonak, Pako Astua esaterako, gerran inplikatu eta parte hartu zutela jakitean. Irudi zein izen bakoitzaren atzean istorio ezezagun bat dagoela jakitun, argitara atera nahi dituzte herriko historiaren mapa osatzen joateko. 

Orain arte herritarren erantzuna ona izan dela diote taldetik eta laguntza eskaera honek ere erantzuna izatea espero dute. Artxibo lanean, badira taldeak gainditu beharreko hainbat arazo izan ere, Lasarte-Oria herria ez zenez, zaila da herritarrak izenez bakarrik identifikatu eta herriarekin lotzea, norbaitek aipatu behar dizikie izen hauek, eta Lasarte-Oriakoak zirela jakinda, ar-txibora jo eta euren inguruan dagoena topatu ahal izateko. Taldeak beste argazki batzuk baditu eta datozen asteetan Txintxarrik argitaratuko ditu.