Garaipenez garaipen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2014ko azaroaren 22a

Lehen faseko partida guztiak irabazi dituzte orain arte Ostadar SKT saskibaloi junior taldeko neskek. Seigarren garaipena izan da gaurkoa; 71-30 garaitu dute Internacional taldea.

Ostadarren saskibaloi junior nesken taldeko jokalariren bat edo entrenatzailea kalean topatu eta partiduaren emaitzari buruz galdetzen dionak jakin beharko luke erantzuna honezkero: Garaipena. Beste hitzik ez dute ezagutzen orain arte Ander Otaegik zuzentzen dituen neskek; seitik sei norgehiagoka irabazi dituzte lehenengo fasean. Donostiako Internacional taldeari irabazi diote gaur, 41 puntuko aldearekin: 71-30 Ostadarren alde.

Hasiera trabatua

16:00etan zen hastekoa norgehiagoka, baina pare bat minutuz atzeratu da. Bi taldetako zenbait jokalarik pultserak eta belarritakoak zeramatzaten soinean, eta esparatrapuarekin estali behar izan dituzte, epaileak hala aginduta. 

Badirudi atzerapen txiki horrek eragina izan duela partiduaren hasierako erritmoan, bi taldeei kosta egin baitzaie baloia saskian sartzea. "Kosta egin zaigu erritmoa hartzea lehen laurdenean. Blokeatuta egon gara". Horrela laburtu du Ander Otaegi entrenatzaileak Ostadarren lehen laurdena. Partzialak ere garbi uzten du "blokeo" hori: 9-6ko markagailuarekin amaitu da lehen laurdena. Hori bai, lehen unetik hartu dute aurrea markagailuan herriko taldeko neskek. 

Ostadar SKT nagusi

Lehenengo laurdena trabatua izan bada, guztiz kontrakoak izan dira beste hiruak. Talde bat izan da norgehiagokaren jaun eta jabe bigarren laurdenetik aurrera: Ostadar SKT. Lehen hamar minutuetako blokeoa aulkian utzi eta etengabe hasi dira saskiraketak lortzen Ander Otaegiren neskek. Lehen laurdenean egin ezin izan dutena burutu dute bigarrenean, eta 20 puntuko aldearekin joan dira atsedenaldira Ostadarreko jokalariak. Datuek ere ongi adierazten dute bigarren laurdenean gertatutakoa: 36-16ko emaitza markagailuan, 27-10ekoa izanik partziala.

Honela azaldu du bere taldearen susperraldia Ander Otaegi entrenaitzaileak: "Bigarren laurdenean lortu dugu partiduari gure erritmoa jartzea; korrika gehiago egin dugu eta saskiraketa asko eskuratu. Aurkaria baino talde hobea dela erakutsi dugu bigarren laurdenetik aurrera". 

Internacional taldeko jokalariek ezin izan diote buelta eman partiduari. Ostadarreko neskek aldea mantendu bakarrik ez, bikoiztu ere egin dute; 41 puntuko aldearekin irabazi dute gaur. Jokalariak dutxetara joan direnean 71-30eko emaitza adierazten zuen markagailuak (13-6 eta 22-8 izan dira azken bi laurdenetako partzialak, hurrenez hurren). 

Bigarren faserako "prest"

Lehen fasea bukatzeko lau partidu falta diren arren, Ostadarreko junior neskek poltsikoan dute jada hurrengo faserako txartela. "Kontuan hartu behar dugu gure taldeko jokalari ia gehienak lehen urtekoak direla. Hasi baino lehen ez genekien nolakoa izango zen lehen fase hau, baina oraingoz partidu guztiak irabazi ditugu", adierazi du Otaegik. "Bigarren fasean maila altuagoko aurkarien kontra ariko gara, ikusiko dugu zer moduz moldatzen garen. Lehengo urtean kadeteekin lortutakoa errepikatzea oso zaila izango da, baina horrek ez gaitu itsutu behar. Orain arte bezala jarraitu behar dugu".

Errendimenduko kadeteak ere garaile

Garaipen baliotsua eskuratu dute Ostadarreko errendimendu mailako kadete neskek, Altzako kiroldegian. 60-63 menderatu dute Askatuak Cafes Aitona taldea, denboraldi honetako bigarren garaipena eskuratuz. 

Partizipazio mailako kadete nesken eta senior 3. mailako mutilen txanda izango da bihar. Lasarte-Oriako kiroldegian jokatuko dute bi taldeek, batak bestearen atzetik. 9:30ean Zerkausi Takeren aurka ariko dira neskak, eta 11:00etan hasiko da senior mutilen norgehiagoka. Antigua Luberri taldea izango da biharko aurkaria.

Fitxa teknikoa

Ostadar SKT: Sara (6), Yaiza (18), Uxue (9), Itxaso (4), Haizea (16) (Hasierako bostekoa) - Ohiane (8), Paula (8) eta Ainhoa.