Urtemuga guztiak izaten dira bereziak, baina 100 kandela ez dira egunero itzaltzen. Horrexegatik, familiaren eta Lasarte-Oriako Udalaren omenaldi xumea jaso du gaur Natalia Gonzalez Caño herritarrak. Pablo Barrio alkatea eta kazetariak gonbidatu ditu Nataliaren familiak, eta denek ospatu dute elkarrekin urtemuga berezi hori. Xanpainarekin topa egin dute, eta pasta gozo batzuk jan. Pablo Barrio alkateak lore-sorta ederra eman dio Natalia Gonzalez Cañori, 100 urte betetzeagatik omenaldia eginez horrela.
Ezer galdetu aurretik jabetu dira udal ordezkariak eta kazetariak Natalia Gonzalez Caño egoera onean dagoela, 100 urte bete arren. Pablo Barrio alkatea Natalia agurtzera joan da, eta berarengana hurbildu denean aulkitik bere kabuz altxa da Natalia, alkateari bi muxu emateko. "Orain dela gutxi ospitalean egon da gure ama; neumonia, gernu-infekzioa eta odol-infekzioa eduki ditu azkenaldian, baina denak gainditu ditu", zehaztu du Nataliaren alaba Maria Rosariok. "Azkenaldian pendienteago egon behar dugun arren, oso burujabea izan da beti ama; orain dela gutxi arte bakarrik jaisten zen plazara, janaria prestatzen zuen, arropa ere berak bakarrik eranzten zuen...".
Salamancatik Lasarte-Oriara
Bizitzako urte gehienak bere jaioterrian igaro ditu Natalia Gonzalezek, Salamancako El Maillo herrian. Bertan ezkondu zen 1933. urtean, Emilio Gonzalezekin. Hiru seme-alaba eduki zituzten: Felix (zenduta dago), Angel eta Maria Rosario. Lurra lantzetik bizi izan zen Natalia Gonzalezen familia Salamancan. 1988. urtean etorri ziren Lasarte-Oriara, eta geroztik hemen bizi da Natalia Gonzalez, bere bi seme-alabekin batera.
Sei biloba eta bederatzi birbiloba ditu Natalia Gonzalezek. Lau belaunaldi bildu dira gaur Caddie enparantzako 2.zenbakiko 4. solairuan, Natalia Gonzalezen urtemuga ospatzeko. Familia giroan ospatuko dituzte Nataliaren 100 urteak, bazkari bat eginez. Nataliak gustura erantzun ditu kazetariek egin dizkieten galderak, familiako kideen laguntzarekin. Bukaeran eskerrak eman dizkio alkateari jasotako omenaldiagatik.