Metal genero desberdinek astindu zituzten Elebeltzeko hormak atzo gauean.
Giro bikaina arnasten zen gaueko bederatzietan. Metal zaleek bikain erantzun zuten metal gauaren antolatzaileek luzatutako gonbiteari. '4 talde, 4 euro' eskaintzak hainbat eta hainbat ikusle erakarri zituen Elebeltzera.
Meltdown, Izu Nauk, Hilotz eta Gabezia taldeak (herrikoak azkeneko biak) izan ziren metal gauaren kartela osatu zuten lau musika taldeak. Elebeltzeko bozgorailuak ez ziren isildu gaueko ordu txikiak arte: lau kontzertu, eta etenik gabeko musika emanaldien artean.
Metal estilo anitzak
Herriko Hilotz taldea izan zen eszenatokira igotzen lehena. 'Thrash metal' estiloa jorratzen du taldeak. Larunbatekoa izan zen hirukote gisa Gipuzkoan eman zuten lehen kontzertua.
Hernaniko Meltdown taldearen txanda izan zen ondoren. Ikusleen artean oso inpresio ona sortu zuen 'Hardcore metal' generoa lantzen duen taldeak. Bi kontzertu ikaragarri, eta beste bi faltan.
Gabeziak eskaini zuen gaueko hirugarren kontzertua. Kaleratu berri du 'Bilanx' izeneko diskoa, eta lan hori aurkeztu zuten larunbat gauean. Taldeko gitarrajole Julen Basterrak ezin izan zuen taldekideekin batera jo, "arazo pertsonalengatik". Dena dela, kontzertua bertan behera ez uztea erabaki zuten, eta bete-betean asmatu zuten.
Zumaiako Izu Nauk taldeak eman zuen gaueko azken kontzertua; 'Herri baten oihua' disko berria aurkeztu zuen ikusleen aurrean.