PSE-EE: “Enplegu gaietan inprobisatzen ari da Bildu”

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 24a

Buruntzaldea eskualdeko PSE-EEk salatu du ohar bidez EH Bilduk ez daukala “enplegua eta aktibitate ekonomikoa sortzeko plan argi bat”. Talde sozialistaren ustez, koalizioa “inprobisatzen” ari da.

Talde sozialista “atsekabetuta” dago Donostia-Beterriko Innoforoaren berri “komunikabideen” bitartez jaso dutelako: “Ez dugu ulertzen nola esan dezakeen Bilduk ekimena eskualdeko udaletxe guztiek bultzatu dutela. Ez da udal-batzordeetan erabaki, eta gainontzeko alderdi politikoei parte-hartzea ukatu zaie”.

PSE-EEren ustetan 'Innoforo' EH Bilduren “azken orduko aterabidea” da, Garapen Agentziarekin jarraitzea “ezinezko” duela ikusi duenean abiatutakoa: ”Proiektuak legea hausten duela erakutsi zuten udaletxe ezberdinetako idazkari eta interbentoreek eta Lasarte-Oriako Udalak gehiengoz atzera bota zituen Bilduk proposatutako estatutuak”, adierazi du PSE-EEk ohar bidez.
“Orain formatua aldatu egin nahi dute, Garapen Agentziaren estatutuak moldatu beharrean”, salatu du eskualdeko PSE-EEk.

Zentzu horretan, gonbidapena luzatu dio talde sozialistak EH Bilduri: “Benetan enplegua sustatzeko proiektu berriak martxan jarri nahi badituzte, has daitezela PSE-EEk udaletxe ezberdinetan bultzatu dituen proposamenetatik, esaterako enpresen haztegi edota enplegu-mahai bat eratzeari ekin diezaiokete, sozialistok aspaldian eskatzen ari garen bezala”.

Amaitzeko, politikan “denak” ez duela balio ohartarazi eta milaka herritar “egoera larria” pairatzen ari diren bitartean “elektoralki” jokatzen aritzea leporatu dio oharrean eskualdeko PSE-EE alderdiak EH Bildu koalizio abertzaleari.