Literatur lehiaketako sarituak jakitera eman ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 11

Aurtengo literatur lehiaketak baditu irabazleak. Lasarte-Oriako Udalak eman du sarien berri, ohar bidez. Azaroaren 22an emango dituzte sariak, kultur etxeko hitzaldi aretoan, 12:00etan.

Lasarte-Oriako 28. Literatur Lehiaketa izan da aurtengoa. Adin desberdinetako haur, gazte eta helduek hartu dute parte, hainbat kategoriatan: euskarazko eta gaztelaniazko mikrokontakizun, poesia, haur eta gazteen literatur lehiaketa eta haur eta gazteen poesia, hain zuzen. Kategoria bakoitzerako epaimahai bat izendatu zen; haiena izan da idazlanak irakurri eta azken erabakiak hartzeko ardura. 

Mikrokontakizunak eta poesia

Adinen araberako bi kategoria egin ziren euskarazko mikrokontakizunen atalean. Mikele Mannion Agirre izan da A kategoriako (1984 eta 1998 artean jaiotakoek hartu dute parte) irabazlea, ‘Beste astelehen euritsu bat’ idazlanarekin. B kategorian berriz, Oñatiko Iñaki Goitia Lucasen ‘Esperoan, beti esperoan’ izan da irabazlea.

Gaztelaniazko mikrokontakizunei dagokienez, Argentinako Buenos Airesera joan da A kategoriako saria. Federico Luis Letok irabazi du, ‘Sin decir nada’ lanarekin. 37 lan aurkeztu dira guztira kategoria horretan.

Handiagoa izan da parte-hartzea B kategorian (1984. urtea baino lehenago jaiotakoena); 258 lan aurkeztu dira. Madrilgo Miguel Angel Escudero izan da irabazlea. ‘Prodigio’ du izena bere lanak.

Euskarazko poesia sailean, epaimahaiak esan du ez duela irakurri lehen saria emateko moduko lanik, eta saria ez ematea erabaki duela jakinarazi du, Udalak prestatutako dokumentuan. Gaztelaniazkoan, ordea, bai: Debako herritarra den Rafael Bravo Arrizabalagak irabazi du ‘Gaztelaniazko poesia’ kategoriako saria, ‘La casa apagada’ idazlanarekin.

Haur eta gazteen literatur lehiaketa

Hainbat gaztetxok aurkeztu dituzte euren lanak euskarazko sailean, hiru kategoriatan banatuta. A kategorian hartu dute parte 2005ean edo beranduago jaiotako haurrek. 28 idazlan aurkeztu dira lehiaketara, eta 8 urteko Nikola Iraolaren ‘Printzesa bat bere ipuinaren bila’ izan da epaimahaikideen iritziz onena. Ane Jimenez Beltranen ‘Gau liluragarria’ izan da bigarren saritua, eta Ximon Villalobosen ‘Pepito eta errege maltzurra’ hirugarrena.

B kategoriari dagokionez (2002, 2003 eta 2004an jaiotakoena), 199 idazlan aurkeztu dituzte gaztetxoek. Maider Abete Espinosak irabazi du, ‘Aimar eta bere kometa’ idazlanarekin. ‘Lorekolore kolore gabe’ kontakizunak eskuratu du bigarren saria, Naroa Garciak idatzitakoak. Unax Otaegiri eman diote hirugarrena, ‘Zasen egun kaxkarra’ lanagatik.

Sail honetako hirugarren eta azken kategoria da C izenekoa (1999, 2000 eta 2001ean jaiotako gaztetxoena). 12 idazlan aurkeztu dituzte gaztetxoek. Laura Perezek irabazi du lehen saria, ‘Hyde Park-en paseoa’ izeneko obragatik. Nora Landaberea Olazagoitia izan da bigarren saria irabazi duen idazlea; ‘Lore bitxia’ du izena bere lanak. ‘Pailazo izan nahi dut, eta zer?’ lana aurkeztuta, hirugarren saria eskuratu du Xalba Otxandorenak.

Gaztelaniazko sailean ere hainbat haur eta gaztek hartu dute parte. Kategoriak euskarazko sailean egin bezala banatu dituzte. A kategorian 7 lan aurkeztu dituzte eta Gorka Cuadradoren ‘Un hombre aburrido’ izan da onena, epaimahaikideen iritziz. Nagore Lopezi eman diote bigarren saria, ‘Muy buenas amigas’ idazlanarengatik. Hirugarren saria Oihane Izaguirrerentzat izan da; ‘Leire y el reino de los vampiros’ izeneko obra aurkeztu zuen lehiaketara.

Lan ugari izan du epaimahaiak B kategorian. 217 lan aurkeztu zituzten haurrek, baina hiruk bakarrik eskuratu dute saria. Julene Iraolak irabazi du lehenengoa, ‘La patata que huía de la cazuela’ lanarekin. Bigarren saria Mikel Nietori eman dio epaimahaiak; ‘El viaje del hacha’ lana aurkeztu zuen lehiaketara. Hirugarrena Jessica Fuentesek irabazi du, ‘El duende’ idazlanarekin.

C kategorian 6 izan dira gazteek aurkeztutako lanak. Nerea Martin Prietok irabazi du lehen saria, ‘Mi mejor amigo’ obrarekin. Maria Mrartin Corral izan da bigarren saritua, ‘Mama?’ lanagatik. Hirugarrena berriz, Nahia Rozas Larrearen ‘Mar Adentro’ idazlanari eman diote.

Haur eta gazteen poesia

Euskarazko sailan bi lan aurkeztu dira, eta epaimahaiak erabaki du Nahia Rozasen ‘Zoramena gara’ lanari ematea lehen saria. Gaztelaniazkoan 7 lan aurkeztu zituzten gazteek; epaimahaiak erabaki du Maialen Letamendiri ematea lehen saria, ‘Los tres corazones’ idazlanagatik.