Gai zerrendan zazpi puntu aurreikusi arren, luze jo zuen atzoko bilkurak. Lehenengo eztabaida gaia udaleko langileentzat jazarpen eta beste arrisku psikosozial batzuen alorrean izan daitezkeen gatazken prebentziorako eta konponbiderako jarduera-protokoloaren onarpena izan zen. Zaballosek kritikatu zuen "protokoloak ez du udal langile guztien onarpena". Pablo Barriok aipatu zuen 28 urtetan halakorik ez zela egin Udaletxean eta hutsune hori betetzeko landu zela hain zuzen txostena. Bozketan, honen alde egin zuten Bildu, LOHP eta Marisa Zubiri zinegotziek; kontra PSE-EEkoek eta EAJko bi ordezkariek abstentzioaren alde egin zuten. Aipatu behar da atzoko bilkuran ez zela egon Vanessa Velez PPko ordezkaria.
Txostenaren onarpenarekin, Ana Prietok azpimarratu nahi izan zuen "protokoloaren lanketa parte hartzailea izan da, eztabaida eta proposamenak egiteko aukerarekin". EAJko Estitxu Alkortak ere euren bozka azaldu zuen esanez "ez dugu prozesu honetan injerentzia politikorik nahi, horregatik ez gaude guztiz ados egindakoarekin".
Jarraian, Atsobakar zahar egoitzaren eskualdatzearen hitzarmena onartu behar zuten alderdiek. Guztiak ados egon ziren onartuz "aspaldi hartu behar zuen bere gain Aldundiak egoitza". Gorka Lizarragak Gizarte Zerbitzuetako buruak esan zuen "guretzat historikoa da, 2008tik legeak dio egoitza Aldundiaren ardura izan behar duela, Udalarentzat ia 1 milioi euroko gastua suposatzen du egoitzak urtero eta orain, diru hori liberatuko da beste udal zerbitzu batzuk indartzeko". Aldundiak Kabia elkartearen bitartez kudeatuko du Atsobakar. Atzo hitzarmena onartzekotan, abenduan sinatu eta urtarrilean hartuko luke Aldundiak Lizarragak esan bezala.
EAJk esan zuen "txostena ez dago osatua, orain onartzen badugu ez dugu jakingo zein baldintzetan egiten dugun". Horrekin batera kezka azaldu zuen Kabia entearekiko. Zaballosek bide beretik jo zuen, honek adostasun osoa agertu zuen eskualdatzearekin baina txostena osatuta ez zegoenez "proposatzen dut onarpena aste pare bat behintzat atzeratzea txostenak balorazioa izan arte". Gorkak aipatu zuen hilabetero "100.000 euro inguru gastatzen ditu udalak zerbitzua ematen eta presa dago ahalik eta lasterren Aldundiak asumitu dezan gastua". PSE-EEk egindako eskaera bozkatu zuten alderdiek, eta PSE-EE, EAJ eta Marisa Zubiriren bozkekin onartu egin zen hitzarmenaren onarpena atzeratzea.
Mozioen tartean berriz, ebolaren inguruko mozio humanitarioa aukeztu zuen PSE-EEk eta aurrera atera zen. Bestalde, genero indarkeriaren kontrako nazioarteko egunari buruzko PSE-EEren mozioa onartu egin zuten alderdiek aho batez.
Azken mozioa izan zen Bilduk aurkeztutakoa gardentasunaren inguruko arautegi bat idazteko proposamenarena hain zuzen. Honen inguruan iritzi ezberdinak plazaratu zituzten arren, onartu egin zuten alderdiek. PSE-EE abstenitu egin zen bozketan.
Somoto auzia
Galdera eta erreguen txandan, Zaballosek hartu zuen hitza eta udal gobernuari hainbat gairen inguruan galderak egin zizkion. Tartean, Somoto auziaren ingurukoa. Alkateak laster salaketaren ingurukoak jakitera emango direla erantzun zion eta noren kontrako salaketa izango den galdetuta, Pablo Barriok Ana Urchuegiaren aurkakoa izango dela esan zuen.
Hilerrian argi faltaz kexak egon direla aipatu zuen Zaballosek ere eta ea zertan den bilkuran onartutako lan plana eta enpresa bilgunea.Gorka Lizarragak bi hauek martxan jartzeko informazioa eta lanketaz hurrengo batzordean hitz egingo dutela erantzun zion.
Sasoeta Zumaburuko gurasoak
Herritarrek hitza hartu ahal izan zuten ohi bezala plenoaren amaieran eta atzokoan, Sasoeta-Zumaburuko gurasoek euren aldarria plazaratu zuten lehenengo. Udal eskola kontseiluaren azkeneko bilera maiatzaren 29an izan zela eta " bi aldiz erreklamatu dugu bilera erantzunik gabe. Bitartean uztailean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saiklak Lasarte-Oriako eskolako egoerari buruzko txosten objetiboa bidali zuen Udal eskolako kontseilura eta herriko eskoletara. Txosten horrek Lasarte-Oriako eskolaren historia kontatzen du eta sendo azaltzen du gaur egungo desoreka" esan zuen Burunzpe guraso elkarteko Pello Sanchezek. Bere adierazpena amaitzeko "Lasarte-Oria guztiona baldin bada, Lasarte-Oriako eskola publikoa ere, guztiona nahi dugu".
Bilera deituko dela erantzun zuen alkateak eta Boris Nogales zinegotziak, gurasoak erakusten ari diren indarragatik zoriondu zituen. Alkateak bilera deitu eta Burunzpek aipatutako askorekin bere adostasuna azaldu zuen.
Hauen ondoren, herrian sortu berri den Podemos alderdiko kide batzuek hartu zuten hitza. Euren burua aurkeztu eta kalean informazio mahai bat jartzeko ordaindu behar duten tasaren aurrean zalantza eta kezka plazaratu zuten. Alderdi ezberdinetako kideekin iritziak trukatu zituzten eta harremanetan jarraitzeko geratu ziren. Tasen inguruan beharrezkoak dituzten azalpenak emateko konpromezua hartu zuen Estitxu Alkortak Ogasun batzorde buruak.
Beste herritar batzuek ere euren galderak egin zituzten Podemosen ondoren.