‘Jolasteko eta jokatzeko’ plana aurkeztu du Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 12a

“Herriko kirol eta jarduera fisikoa orokorki aztertzea eta plan estrategiko bat egitea”. Erronka hori planteatu zuen Udaleko kirol departamentuak 2014rako. Bi lan horiek gauzatzeko, ‘Jolasteko eta jokatzeko’ izeneko plana garatuko du.

Eguerdiko 12:30ean aurkeztu dute egitasmoa, udaletxe berriko bilera gelan. Bertan izan dira Udaleko Kirola, Gazteria eta Festak saileko arduradun Tasio Arrizabalaga, Udaleko kirol teknikari Karlos Altuna eta Murua enpresako kide Maitane Elduaien.

“Hiru arrazoi”

Tasio Arrizabalagak hartu du hitza lehenbizi, ‘Jolasteko eta jokatzeko’ garatzearen zergatiak aipatzeko. “Hiru arrazoi nagusi” daude, zinegotziak esan duenez: “Norbanakoek eta herriko eragileek egiten duten kirol eta jarduera fisikoak ezagutu nahi ditugu. Horrez gain, eragile guztien beharren eta proposamenen berri izan nahi dugu, gero sare bat osatzeko. Azkenik, etorkizunera begira plan estrategiko bat osatu nahi dugu, guztien behar eta ekarpenak aintzat hartuta eta aurrerantzean eman beharreko pausoak zehaztuko dituena”.

Herriko kirolaren egoera aztertzen

Gaur aurkeztu dute ‘Jolasteko eta jokatzeko’, baina badira hilabete batzuk lanean hasi zirenetik. Arrizabalagak zehaztu duenez, planaren lehen fasea amaitu da jada. Lasarte-Oriako kirol eta jarduera fisikoaren egungo egoera aztertzea izan da lehen urrats hori. Horretarako, Murua enpresaren laguntza izan du Udalak. Arrizabalagak gaineratu du “Udalaren webgunean” eskegiko dituztela azterketaren emaitzak, herritarrek kontsulta ditzaten.

Maitane Elduaienek esan du “datu-bilketa garrantzitsu bat” egin dutela, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean: “30 bat bilera egin ditugu Lasarte-Oriako kirol, kultur eta aisialdi elkarteekin. Adineko pertsonekin eta udaleko sail desberdinetako teknikari eta zinegotziekin ere egon gara”.

Horrez gain, Lasarte-Oria Bai! Krosaren egunean karpa bat jarri zuten Okendo plazan, herritarren iritzia ezagutu eta jasotzeko. “Hiru hilabetez aritu gara elkarrizketak egiten, eta karpan jasotako informazioarekin batera osatu dugu Lasarte-Oriako jarduera fisikoaren eta kirolaren argazkia”, esan du Elduaienek.

Bigarren fasea

Gaur hasi da planaren bigarren fasea, aurkezpenean zehaztu dutenez. “Udalak etorkizunean eduki beharreko helburu eta lan ildoak finkatzea” izango da fase horren xedea. Hori lortzeko, bost dinamika antolatu ditu udaleko kirol departamentuak; adin talde zehatz bati zuzenduta egongo da horietako bakoitza.

Datorren asteazkenean egingo dute lehenengo dinamika, arratsaldeko 18:30ean, kiroldegian. Egun horretan 6-16 urte tarteko eskaintzaren inguruko proposamenak jasoko dituzte.

Datorren astekoaz gain, beste lau dinamika gehiago egingo dituzte. Horietako hiru toki eta ordu berean izango dira; aldatuko diren gauzak egunak eta adin-tartea izango dira. Azaroaren 24ean 17-30 urte tartekoen txanda izango da; 31-65 urte bitartekoena 26ean, eta abenduaren 1ean 65 urte baino gehiago dituztenen proposamenak jasoko dira. Aipatzeko falta den dinamika Ttakun Kultur Elkartearekin egingo da; Kuadrillategi egitasmoan parte hartzen duten gazteekin bilduko dira (DBH 1etik 4. mailara artekoak), euren iritziak eta ideiak entzuteko.

Tasio Arrizabalagak zehaztu du “irekiak” direla dinamikak, eta “interesa daukan edonork” har dezakeela parte saio horietan: “Herritar guztientzako plan bat egin nahi dugu, herritar guztien parte-hartzearekin”.

Lehen faseko emaitzak

Karlos Altunak azaldu ditu datu-bilketa eta azterketa egin ostean ateratako zenbait ondorio. Hiru atal bereizi ditu azalpenak ematerako orduan: ahuleziak aipatu ditu aurrena, indarguneak ondoren, eta aukerei buruz hitz eginez amaitu du.

Ahuleziei dagokienez, Altunak aipatu du kirol instalazioen egoera “kaxkarra” dela: “Berrikuntza edo moldaketarik egin ezean, eta erabiltzaileen kopuruak gora egiten badu arazo larriak sortuko dira datozen urteetan”. Horrez gain, azpimarratu du “eskasa” dela emakumeen presentzia kirolean, eta “indartu beharreko aspektua” dela hori. Beste ahulezia baten berri ere eman du: “Kirolarien kopurua jaitsi egiten da eskola kiroletik elkarteetara pasatzen direnean. Kontuan hartu beharreko datua da hori”.

Zenbait ahulezia identifikatu dituzte, baina indarguneak ere bai. “Eskola kirolaren eskaintza zabala da oso. Horrez gain, Udaleko sail desberdinak dinamikoak dira eskaintzak egiterako orduan. Azpimarratu behar da baita ere euskarak pisua duela herriko kirol jardueretan; zaintzen eta sustatzen den elementu bat da”, adierazi du Altunak.

Lasarte-Oriako kirol eta jarduera fisikoaren argazkiaren beste atal bat da aukerena. Horiek ere azaldu ditu Altunak: “Kirol eskaintzak egiten dituzten eragileek agenda bateratu bat osatu beharko lukete, eskaintza bateratzeko. Bestalde, bidegorrien sarea osatzea interesgarria da. Hirugarrenik, Osasun sailaren eta kirol eskaintzaileen arteko elkarlana mantendu behar da”.