Aldagela berriak ezindu fisikoentzat

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 14a

Lasarte-Oriako kiroldegiak 30 urte beteak ditu eta denbora honetan kiroldegiko arkitektura ez da ezindu fisikoentzat prestatua egon. Horren erakusgarri dira igerilekura igotzeko eskailerak. Arazo hauek ikusi eta beharrezko aldaketez hitz egiteko zenbait bilera egin dira ezindu gazteenen gurasoekin eta aldagela igerileku ondoan dagoen kafetegian eraikitzea erabaki dute.

Era horretan, ezinduek igerilekuaren maila berean dagoen aldagela bat izango dute. 
Lanek guztira zazpi asteko iraupena izango dute. Tarte horretan, kiroldegiko kafetegian eta azpiko aldagelan eragina izango dute lanek, bai aldagela bera eraikitzeagatik, bai ur eta hustubide hartuneak bertatik egin beharko direlako.

Kafetegia irekita
Udalak jakitera eman du kafetegiak martxan jarraituko duela lanak egin bitartean. Aldagela egiten ari diren gunean lehenik eta behin horma eraiki da, eta barruan dabiltza orain lanak egiten, erabilzaileei ahalik eta kalte  gutxien eragiteko.
Zerbitzuak, beraz, normaltasunez jarraituko du. Behin lanak amaituta ordea, kafetegiak berak ere moldaketak jasango ditu.
Udalak sortu daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu du eta lanek 55.650 euroko kostua izango dutela jakinarazi du.