Lasarte-Oria Guztiona proiektua jarri du martxan Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 14a

Herriaren itxura eta bertako gune desitxuratuak hobetzeko proiektu artistikoa diseinatzea. Hori da Lasarte-Oriako Udalak martxan jarritako ‘Lasarte-Oria Guztiona’ egitasmoaren helburua. Datorren asteartean aurkeztuko dute proiektua, Villa Mirentxun, 19:00etan. Herriko artistak informatu nahi ditu Udalak, eta haien arteko elkarlana sustatu.

Lasarte-Oriako Udalak herriko merkataritza sustatzeko ‘Biziberritzen’ egitasmoa jarri du martxan. Horren barruan hainbat egitasmo daude kokatuta, besteak beste, ‘Lasarte-Oria Guztiona’.

“Egitasmoa gauzatzeko herriko artistak informatu nahi ditugu eta haien arteko elkarlana bultzatu, guztion ekarpenak jasoz ahalik eta diseinu aberatsena lortzeko xedearekin”, adierazi du Udalak. Horretarako, datorren astearterako bilerara gonbidatu ditu artista eta interesa duten herritar guztiak, haien ekarpenak jaso eta aurrerantzean eman beharreko pausoak definitzeko.