Eskualdeko ekintzaileen ideiak enpresa sozial edo kooperatibo bihurtuko dituen formakuntza proiektu berria aurkeztu dute gaur Beterriko alkate, zinegotzi eta teknikariek.
“Ekintzailetza ekonomiko berri bat garatzeko lehen pausoa da KOOPeratzen, pertsonen eta komunitateen beharrak modu demokratiko, jasangarri eta berritzaileen bidez asetuko dituena", adierazi dute eguerdiko agerraldian.
Proiektuaren helburua
"Pertsonak trebatu eta aholkularitza eskaintzearekin batera, coworking-a edo lan kooperatiboa praktikan jarri nahi dugu KOOPeratzen-en bidez", adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek.
Zerbitzu honek enpresa berriak sortzeko beharrezkoak diren formazioa, baliabideak, azpiegiturak eta aholkularitza eskaintzea du helburu.
Ekimena langabezian dauden eta enpresa eredu berriak abiatu nahi dituzten pertsona guztiei bideratuta dagoela adierazi dute KOOPeratzen proiektuaren bultzatzaileek: “Formakuntza, beka-sariak, jarraipen indibiduala eta finantzazio aholkularitza emango zaizkie”."formakuntza, beka-sariak, finantziazio aholkularitza eta jarraipen indibiduala eskainiko zaizkie".
Izena emateko modua
Gaurtik aurrera irekita dago izena emateko epea azaroaren 28ra bitartean, eta abenduan jarriko da martxan sei hilabete iraungo duen egitasmoa.
Izena-emateko interesa dutenek bide bat baino gehiago daukate horretarako: Udaletxean, Lanbideren bulegoen bitartez edota kooperatzen.net webgunearen bidez egin daiteke eskaera.
Informazio gehiago nahi duenak 943 304 221 telefonora deitu edo ekinean@andoain.org helbide elektronikora idatzi dezake.
Egoitza Lasarte-Orian
Pablo Barrio alkateak adierazi du "oso garrantzitsua" dela halako proiektuak udalerrian kokatzea: "Oraindik jasaten ari garen krisiak gogor kolpatu du herria azken urteotan, eta horrek tokiko garapen sozioekonomikoan ahaleginak bikoiztea eskatu digu".
Era berean, proiektua Lanbide Eskolan kokatzearen garrantzia nabarmendu du: "Azpiegitura indartsu bat osatzeko ahaleginak egiten ari gara. Zubilan egitasmoaren eraginez, enpresa berrien sorrerara begira dagoen gune bat bihurtu da Lanbide eskola eta espazio honi orain ikuspegi kooperatibo eta soziala gehitu nahi diogu KOOPeratzen proiektuaren bitartez".
Herriko "elkartegintza" azpimarratu eta etorkizuneko ekonomia eredu "indartsu eta iraunkor" baten "zimenduak" jartzen ari direla esan du alkateak.