Sasoeta Sasoitu! prozesuaren azken saioa egin da Andatza plazan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 15a

Sasoetako bizilagunekin parte hartze prozesua egin da azken hilabeteetan auzoko beharrak zeintzuk diren aztertzeko. Udalak bertako hainbat pasabide eraitsi eta libre geratuko den espazioan zer egin erabakitzeko, Hiridunak talde teknikoak gidatuta, bizilagunen eskaerak entzuteko bilera eta dinamikak antolatu dira. Gaur eman zaio amaiera prozesu irekiari.

“Sasoeta Sasoitu!” egitasmoaren azken urratsa izan da gaurkoa. Andatza plazan bizilagunekin azken saioa egin du Hiridunak talde teknikoak. Auzoan libre geratuko diren espazioak nola diseinatu erabaki nahi izan du udalak aditu eta bizilagunen arteko elkarlana sustatuz.

Amalur Trikiti eskolako haurren doinuek animatu dute larunbat goizeko lan saioa. Aurrekoan bezala, haurrek ere auzoa nola irudikatzen duten edo bertan zer nahi duten adierazi dute marrazki zein maketa bidez. Denek aukera izan dute aukeratzeko espazio ezberdinetan zer nahi duten kokatzea, aipatu behar da, jokoak eta kirola egiteko ekipazioak izan direla gehien eskatutakoak. Baita berdegune eta atsedena hartzeko lekuak ere, azken hauek auzoko nagusienei begira.  

Eraitsiko den orube baten tamaina irudikatu dute plazan bertan eta horrela bizilagunek argiago ikusi ahal izan dute tamaina horretako gunean sartu daitezkeen gauzak.

Jasotako informazio guztiarekin adituen txanda da orain.