Aniztasuna lantzeko ekintza ezberdinak egiten ditu Sasoeta-Zumaburu eskolako Burunzpe guraso elkarteak ikasturtean zehar. Izan ere, herriko eskolan, 21 herrialdetako ikasleak daude egun ikasketak egiten, komunitate handiena nikaraguarrak direla aipatu dute Burunzpekoek.
Gaurkoan, kulturartekotasuna eta batez ere, kulturen arteko ezagutza landu eta bultzatzeko, bazkari berezia egin dute eskolako jantokian. Bigarren aldiz, aurreko deialdiak izan zuen arrakasta ikusita, jatorri ezberdinetako gurasoek euren jaki tipikoak prestatu dituzte eta bazkari ederra egiteko aukera izan dute ekimenean izena eman duten 22 familiek.
Honetan denetarik izan da bertako zein kanpoko errezetak, gaziak zein gozoak. Horrela Ekuador, Txile edo Marokoko jakiak Euskal Herria, Galizia edota Extremadurakoekin dastatu ahal izan dituzte. Guraso elkartearen baitako Euskara batzordeak bultzatutako ekintza izanda, guraso ez euskaldunentzat “joko” bat ere prestatu dute.
Guztiei bazkari giroko esaldi laburrak euskaraz nola esaten diren banatu zaie eta hauek erabiltzera animatu dituzte euren seme-alaben laguntza onartuta.
Gonbidatuen artean, herriko alkatea Pablo Barrio izan da eta honek halako egitasmoek herrigintzan duten garrantzia azpimarratu du. Elkar ezagutza ahalbidetu eta integrazioan laguntzen dutelako besteak beste.
Festa giroan egin dute bazkaria eta karaokearekin borobildu nahi izan dute topaketa hau.