Iazko ibilbideari jarraiki, Irakurle Txokoak euskal literaturako lan ezberdinak lantzen jarraitzen du. Uxue Alberdi idazlearekin batera hilero herritarrek aukera dute literaturaz mintzatzeko. Saio batzuetara idazleak ere gonbidatuko dituzte aurten iaz egin bezala eta hain zuzen, ikasturte honetako lehengo gonbidatua Lander Garro izango da.
Errenteriako idazleak bere bigarren eleberriaren inguruko esperientziak trukatuko ditu herritarrekin.
80.hamarkadan Euskal Herrian gertatutako jazoera gogorrez filmak, nobelak ari dira agertzen orain, horietako bat da “Gerra Txikia”. Beharra dago historiaren pasarte ilunak gogora ekartzea? Zergatik ez da lehenago idatzi?
Historia ez da gertakari hutsez egindako egitura finkoa, baizik eta komunitate batek bere buruaz egiten duen kontakizun subjektiboa, oinarrian pasarte zehatz ba-tzuk dauzkana, baina bere modura interpretatzen eta epaitzen dituena. Labur esanda, guk geure buruari konta-tzen dioguna, horixe da geure buruari buruz daukagun sentimendua edo ustea. Idazleok, noski, horrekin guztiarekin lotura handia daukagu eta kontakizun horretan ahots garrantzitsua izan gaitezke. Zergatik ez da gehiago idatzi? Gai mingarria delako, korapilatsua, eta, beraz, zaila.
Zure aita errefuxiatua izan zen, zuretik asko al du nobelako istorioak? Biografia kutsua al du?
Bai, asko du autobiografikotik, nahiz eta ez den autobiografia bat. Esan nahi dudana da fikzioak behar dituela elementu batzuk interesgarri izan nahi badu, eta batzuetan bizitza erreala ez da horren interesgarri, eta, zentzu horretan, hainbat tranpa (gezur) erabili behar izan ditut nobelaren mesedetan.
Xabi Ugarte 12 urteko gaztetxoa da protagonista. Zergatik erabili duzu nerabearen ikuspegia?
Alde batetik ez nuen politikaz eta munduaz irudi zehatz eta irmo bat zeukan kontalaririk nahi. Nolabait esan, kanpotik begira ari zen norbaitek ikuspegia nahi nuen, ez dakienaren eta epaitzen ez duenaren xalotasuna. Bestetik, haurtzaroa kosmos erakargarria egiten zait, umearen optimismoa, umearen baliabideak aurrera egiteko, eta abar. Haurtzaroa asko erakartzen nau idazle bezala.
Lasarte-Oriako irakurle txokora zatoz. Nolako esperientzia da idazlearentzat irakurleekin elkartzea?
Idazleak, idazten duenean, hitz egiten du. Badauka buruan norbaitekin ari dela, eta norbait horri ari zaiola istorioa kontatzen. Ez da bakarrizketa bat, ez da emoziorik edo asmorik gabeko diskurtso bat. Nahi luke konplizitatea bat, enpatia bat, eta, horregatik, irakurlearekin biltzea, nolabait, zirkulua ixtea bezala da. Irakurlea aurrean dauka azkenean idazleak, eta jakin dezake elkarrizketa horren emaitza zein dena, zer eragin duen, eta abar. Oso polita da benetan.
Zer iritzi duzu halako txoko eta tailerren inguruan?
Iritzi zoragarria, noski. Gauza ederra da herriko jendea zure liburuaren inguruan bil-tzen dela sentitzea. Oso oso esker oneko sentitzen naiz talde guztiekiko.