Gipuzkoako Batzar Orokorretan PSE-EE eta Bilduk lortutako adostasunaren testuinguruan kokatzen da Atsobakar eskualdatzearen erabakia.
Diputazioak Kabia erakundea sortuko du, Gipuzkoako hainbat zaharren egoitza kudeatuko dituena, eta horietako bat izango da Lasarte-Oriakoa Udalbatzarrak gaur hala erabaki ondoren.
Gehiengoz onartuta
Udalbatzarraren premiazkotasuna onartu ostean, eguneko gai-zerrendako puntu bakarra jorratzen hasi dira alderdiak.
Pablo Barrio alkateak Atsobakarreko egoitza Udaletik Aldundira eskualdatzeari dagokion hitzarmenaren gaia mahai-gainean jarri ostean, bozketari ekin diote.
Denera 13 aldeko bozka jaso ditu proposamenak eta kontrako bakarra: PSE-EEk, EHBilduk, LOHPk eta EAJk eskualdatzearen alde bozkatu dute, PPko zinegotzi bakarrak berriz, kontra. Ez da abstentziorik izan.
Bai ordea hutsuneak, PSEko Nerea Artamendi zein Martin Moreno eta adskribatu gabeko Marisa Zubiri zinegotzia ez baitira udalbatzarrean izan.
Bozkaren zergatia
Emandako bozka justifikatzeko txandetan, Vanessa Velez PPko zinegotziak azaldu du ez dagoela Diputazioak "bere zereginak" betetzearen aurka, "formak" iruditzen zaizkiola desegokiak eta "informazio falta" salatu du, gaiak hainbesteko presa zergatik duen galdetzearekin batera.
PSE-EEko bozeramaile Jesus Zaballosek bere aldetik, "egun pozgarria" dela adierazi du, baina Lasarte-Oriako Bilduri ohartarazi dio akordioa Batzar Orokorretan lortua izan zela eta horregatik, komunikabideetan euren "meritu" gisa ez saltzeko eskatu die koalizio abertzaleko zinegotziei.
Gainera, egoitzaren fakturazioa Diputazioaren eskutara pasako bada ere, talde sozialistak Udal Gobernuari eskatu dio eskualdatzearen "gainean" egoteko, akordioa betetzen dela ziurta dezan. "Inolaz ere ezin da onartu edadetuak eta langileak izatea egoera berri honetatik kaltetuta aterako direnak", zehaztu du Zaballosek.
EH Bilduri dagokionez, Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi du "berri ona"·dela herriarentzat. Gaiaren urgentzia ere justifikatu du aldi berean, "luzatu izan balitz, fakturak ordaintzen jarraitu beharko luke Udalak, beraz, ahalik eta gehien aurrezteko hartu nahi izan dugu lehenbailehen erabakia".
Egoitza eskualdatuta, Udalak urtero 800.000 eta milioi bat euro artean aurreztuko dituela jakinarazi du Lizarragak eta diru horren "zati handiena" 2015eko aurrekontuetan Gizarte Zerbitzuak indartzeko erabiliko dutela adierazi du, bereziki "etxeko laguntza zerbitzua" sustatzen.
Murrizketarik izango ez dela ere esan du Lizarragak: "Atsobakarren langileria bataz besteko ratioarean gainetik dagoen arren, Aldundiarekin adostasunera ailegatu gara eta 16 edadeko gehiago jasoko ditugu".
"Akordio bidez lortu dugu adostasuna; ea aurrerantzean gauza gehiagotan elkar ulertzeko gai garen", esanez amaitu du Lizarragak.