Bidalitako oharrean honakoa esaten du herriko talde sozialistak ordenantza fiskalen inguruko batzarrean jazotakoaz:
“PSEk alkatearen eta Bilduren jarrera autoritario eta faxista salatu nahi du. Lasarte-Oriako Udaleko talde sozialistak pleno aretoa utzi zuen asteartean Pablo Barrio alkateak PSEko zinegotzi bat egotzi ostean. Ordenantza Fiskalak onartzeko Ezohiko Udalbatzarretik joan ginen Bilduren jarrera autoritarioa eta faxista salatzeko asmoarekin.
Onartezina da alkateak oposizioari hitza kentzea Bilduri gustatzen ez zaion zerbait esaten dugun bakoitzean. Bien bitartean, LOHPk edo Marisa Zubiri transfugak hitza hartzen dutenean nahi dutena esan dezakete, haien bozkak behar baititu Bilduk bere gaiak onartzeko.
Bilduren gobernua populista eta demagogoa da, parte-hartzearen beharra saltzen diete herritarrei, baina Udalean parte-hartze prozesu bat antolatzen denean gauzak bere modura egiten ditu. Hau da, parte-hartzea dago Bilduk entzun nahi duena esateko bada, bestela ez dago parte-hartzerik. Gobernu faxista eta autoritarioa da Bildurena.
Bilduren jarrera lotsagarria da. Gainontzeko alderdioi errespetua izatea exijitzen digun bitartean, boterean daramatzan hiru urte eta erdian barre egin digu sozialistoi. Izan ere, ordura arteko gure plan eta proiektu guztiak bete gabe utzi ditu (enplegu-plan baten sorrera, enpresen haztegi baten sorrera, etxebizitza plan baten garapena, errekurtsorik gabeko pertsonek multak edota zergak lan komunitarioen bidez ordaindu ahal izatea...)
Gainera, sozialistok ez dugu ulertzen Bilduk Ordenantza Fiskalen harira hartutako jarrera. Tasa orokorretan KPIa igotzearen aldeko bozka eman zuen, baina gerora komunikabideetan kontrakoa saldu ziguten. Zentzugabea da, kontutan hartzen badugu gero udalbatzarrean tasak izozteko PPk aurkeztutako emendakinaren aurka edo LOHPk proposatutako KPIa igotzeko emendakinaren alde bozkatu dutenean”.
*Erredakzioan itzulita