Beñat Iguaranek, Asier Azpirozek eta Ane Labakak egin zituzten anfintrio lanak eta Unai Mendizabal, Imanol Irazustabarrena eta Iñigo Gorostarzu bisitariek ezin izan zuten Earra!-ren mailara ailegatu, betiere ikus-entzuleen erabakiaren arabera.
Agurretik bertatik hasita, ezohiko saioa egin zuten, bertsolari bakoitzak besteetako bat aurkeztu behar izan baitzuen agurreko bertsoan. Aukera ere eskatu zuten, plazetan bertsolari gazteen gabezia azpimarratuz eta freskotasunaren beharra aldarrikatuz. Datorren udaberrian Gipuzkoako txapelketan guztiek, seirek hartu behar dute parte eta lehiaketaren harrari ere bota zizkioten bertso batzuk. Ariketa motzak ere agindu zizkien Lizardik, puntuka aritzeko. San Martin Egunez Beñat Iguaranek hil beharreko Imanol Irazustabarrena txerriarekin izandako elkarriketa edota Habanera doinuan errimak asmatu behar izateak ikusleen algarak sortu zituen.
Begiak itxita jarri zituzten Ane Labaka eta Unai Mendizabal eta bertsotan objektuak deskribatu behar izan zizkieten euren taldekideek, Labakak eta Mendizabalek asma zitzaten. Gamelua, komuneko papera, bularretakoa, larrosa, atera zituzten Imanol Lizardiren poltsatik. Gaueko momenturik natural eta inprobisatuena izan zen, ikusleek gehien gozatu zuten unea.
Garagardo bat edo beste hartzeko hamar minutuko eten txiki bat eginda ekin zioten berriro lanari. Ofizioka aritu ziren hamarreko txikian eta Iparragirreren doinuan, eta amaitzeko hirunaka oholtzaratuta, hiruna bertso osatu zituzten Naufragoaren doinuan, jendea eurak bozkatzeko konbentzitu nahian.
Tolosaldeatik bizpahiru gazte koadrila etorri baziren ere, tartean Iñaki Artola Asegarceko pilotari gazte alegiarra, Lasarte-Oriak zazpi bozka gehiago eskuratu zituen.
Saioaren aurretik, afaria egin zuten Xirimirin giro ederrean eta lehiak lehia, bertsolaritzak irabazi du bart gauean. Gazteek bertsotan egiteko plaza bat berreskuratu dutelako.