Oroimenaren Ibilbidea, herriko txokoetan barrena

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 29a, 14:39
Lasarte-Oriako txokoetan bakarrik ez, herritarren gogorapenetan barrena bidaia antolatu du gaur oroimen historikoa berreskuratzea helburu duen Islada Ezkutatuak elkarteak. Gaur arte, 1936ko altxamendu frankistaren garaiko pertsonen testigantza ugari bildu dituzte Lasarte-Orian, baina gune fisikoak berreskuratzeko lanetan ere ari dira, horietako batzuk Buruntza edota Txaldatxur mendietan daude, sastraka artean, baina beste asko eta asko herriko kaleetan bertan, orain arte ilunpean, isilean egon direnak. Islada Ezkutatuak taldeak argitara atera dituen arte.

Horien berri jaso dute gaur eguerdian dozenaka herritarrek, bost geldialditan. Josu Agirretxe, Mailu Arruti eta Mikel Amenabar Islada Ezkutatuak taldeko kideen azalpenak adi-adi entzun eta ordu eta erdiko ibilbidea egin dute Lasarte-Orian. Jakina, euren ezinegon eta zalantzak galdetzeko beta ere izan dute.

Gaurko Ibilaldia erdigunera mugatu da, bertan biltzen baitira memoria historikoaren mapa osatzen duten gune garrantzitsu ugari. Villa Mirentxu. Okendo plaza, San Pedro eliza ingurura, Brigitarren Komentua eta Hipodromoko zubia bisitatu dituzte aterkiak eskutan eta gune horiek gerran eta gerraostean nolakoak izan ziren azaldu du Islada Ezkutatua-ek.

Ibilbidean, fusilamenduak izan zirela gogoratu, guda lekuak zein izan ziren adierazi eta bando errepublikanoko kuartelak eta militarren aginte lekuak kokatu zituzten. Besteak beste, barrikadak, sindikatu eta alderdi politikoen egoitzak, bonbardatutako etxeak eta Hipodromoko hegazkin zelaia ere aipatu zituzten. Gune guztiak, etxez etxe banatu duten triptikoan datoz, Lasarte-Oria eta inguruetako oroimen historikoa osatzen duten 34 leku aukeratu baitituzte “herriaren oroimena” berreskuratu asmoz.

"Ezer gutxi idatzi da gerrak Lasarte-Orian eragin zuen sufrimenduaz. Badirudi gerra ez zela hemendik igaro, eta hori ez da egia. Gure ondorengo belaunaldiei ezagutarazi nahi diegu, esaterako, kontzentrazioa zelaia izan zela Zapatarin, gerra osteko fusilatze guneak Irubiden, frontea Buruntzan eta Teresategin edota atxiloketa-guneak udaletxe zaharrean... ", adierazi dute Islada Ezkutatuak elkarteko kideek.

“Leku hauek orain arte 1936ko estatu kolpearen ondoren Euskal Herrian gertatutako triskantza humanitario eta sozialaren testuinguru mutu eta ezkutaraziak izan dira, aurrerantzean testigu bizi izan daitezen nahi dugu, hitz bakoitzak bere benetako zentzua berreskura dezan”, adierazi dute Islada Ezkutatuak taldeko kideek.

Gaurko ibilbidea euskaraz izan da, bertaratzerik ezin izan duenak, bihar eguerdiko 12:00etan berriro du ibilbidea egiteko aukera Villa Mirentxutik bertatik hasita, baina oraingo honetan, gazteleraz.

“Oroimena berreskuratzen” laguntzen ari diren guztiei eskerrak eman eta asteartero 17:30ean kultur-etxean biltzen direla gogorarazi dute, norbaitek dokumenturen bat, testigantzaren bat badu, mesedez, eramateko eskatu du Islada Ezkutatuak taldeak, oraindik “lan asko” baitago egiteko.