Gustura hitz egin dute herriko bertsozaleak atzoko afariaren biharamunean. Batetik, menua primerakoa izan zela esan dute: euskal txerriaren kutixiak, arrain-zopa, azpizuna, postrea, kafea eta pattarra; Arrieskalleta Elkarteak berak prestatua.
Bestetik, behin sabela beteta, bertsoa eta bideoaren postrea izan zuten bertaratutakoek guztiz asetzeko. Irudiek bertsolariei askatasun handia eman zietela nabarmendu dute Earra! bertso-eskolako antolatzaileek, "era askean" bertsotan egiteko bide eman zizkien irudiak aukeratuta, Unai Iturriaga eta Andoni Egañaren jarduna "primerakoa" izan zela adierazi dute. Umoreak leku nabarmena izan bazuen ere, izan zuten bertsotan sakonago egiteko betarik eta saioarekin "kontent" ziren bai antolatzaileak, bai ikusleak, bai bertsolariak eurak.