“Aste honetan bertan eman edo emango diote oniritzia garapen agentziari Usurbilek, Astigarragak eta Hernanik. EH Bilduk gehiengoa du herri horietan. Beste hiru herriak (Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta), ordea, ez daude koalizio abertzalearen esku, eta garapen agentzia horretatik kanpo geratuko lirateke, udalbatzarrek hala erabakiko dutelako”, adierazi du Urnietako alkate Mikel Pagolak.
“Zentzurik ba ote dauka eskualdeko herrien erdiak bakarrik bilduko dituen agentzia bat sortzeak, kontuan hartuta hiru herri horietan Buruntzaldea osoko biztanleen erdiak ere ez direla bizi?”, gaineratu du Marijo Izagirre Andoaingo EAJren kideak.
EH Bilduren agentziatik kanpo geratuko liratekeen hiru herriei begira, proposamen "bateratzaile eta parte-hartzailea" egiteko konpromisoa hartzen dutela esan dute ordezkari jeltzaleek.
Nabarmendu dute ezker abertzaleak diseinatutako proposamena “legez kanpokoa” dela eta ez dituela “berme legal eta juridikoak” betetzen. Gainera, “sektarioa” eta “presazko proposamena” ere badela salatu zdute, etorkizunean proposamen "landuagoa" egiteko konpromisoa hartzearekin batera: "Parte-hartzailea izango da gure ekimena, eskualdeko ikuspegitik egingo dena; ez da alderdikerietan eroriko", azaldu du Pagolak.
Era berean, Buruntzaldeak bizi duen egoera ekonomikoari aurre egiteko euren proposamenera gehitu nahi duten kide guztientzat "ateak irekita" dituztela adierazi dute EAJko ordezariek: "Bilduk gure agentziarekin bat egitea espero dugu".