Jesus Zaballos PSE-EEren alkategai

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 26a

Alderdi sozialistako kideek eta 80 herritarrek babestuta, Jesus Zaballosek bere burua aurkeztu zuen atzo datorren urteko hauteskundeetarako. Lehenik eta behin, Villa Mirentxura bertaratutakoei eskerrak eman eta Emakumeenganako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren harira, “genero indarkeria” jasaten duten emakumeei elkartasuna adierazi zien, “ez zaudete bakarrik” esanez.

Lasarte-Oriaren “alternatiba”

Proiektu sozialistaren alde lan egiteko gogoa agertu zuen bere “printzipio, ideal eta sinismenak” ardatz. “Alderdi honetan sartu ginen guztiok gauzak aldatzeko asmoarekin sartu ginen, eta gauzak aldatzeari guk sozialismoa esaten diogu”, jarraitu zuen Zaballosek.

“Zuen esku dago Lasarte-Oriaren etorkizuna, behar zaituztet”, esan zion hauteslegoari. Horretarako maiatzeko udal-hauteskundeetan hautestontziak “larrosaz” betetzeko eskaria egin zien, Bilduri aurre egin diezaiokeen “alternatiba erreal” bakarra sozialistena dela sinetsita.

Bilduren Gobernua hiru urte eta erdi “geldirik” egon dela salatu eta “inolako proiekturik” abian jarri ez izana gaitzetsi zuen. “Ez dugu babes ofizialeko etxebizitzarik ikusi, Okendoko garaje hutsak, asfaltatu gabeko kale zikinak eta haur-parke zaharkituak bai ordea; kale hezitzaileen zerbitzua bertan behera utzi dute eta Emakumeen Zentro Zibikoarekin gauza bera egiten saiatu dira”, adierazi zuen Zaballosek. “Legealdia amaitzeko geratzen den urte erdian korrika eta presaka egingo dituzte azken uneko proiektuak helburu elektoralekin, ez gaitzatela engaina”.

Bilduk herritarrak “zatikatu” eta “ezker abertzaleko jendearentzat” gobernatu duela esan zuen PSE-EEko hautagaiak eta euren proposamena, kontrakoa, “arrakalak itxi” eta “guztien elkarbizitza” sustatzea dela adierazi zuen: "2011ko udal-hauteskundeetan indar bozkatuena izan zen PSE-EE, baina Bildu, EAJ eta LOHPren proiektu gabeko gobernuak ordezkatu zuen herritarrek hautestontzietan erabaki zuten gehiengo sozialista".

Omenaldi txikia egin eta metafora bat osatze aldera ama ere izan zuen gogoan ordu laurden iraun zuen hitzaldian: “nire ama bolillera da, ehundaka hari ezberdin batzen ditu lan zoragarriak egiteko. Horixe bera egin nahi dut nik Lasarte-Oriarekin”.

Ziur da Zaballos dena den, helburu horretan “trabak” jarriko dizkiotela, euren aurka abiatutako “irain eta gezurrekin” jarraituko duela koalizio abertzaleak: “ustelkeria eta prebarikazioa leporatuko dizkigute eta argazki elektorala aterako dute, hori delako irabazteko duten modu bakarra”.

“Bada garaia, has gaitezen berriro ere sozialismoa egiten”, esanez amaitu zuen hitzaldia Jesus Zaballosek.

Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren buruarekin emandako besarkadarekin eta bertaratutakoen txalo-zaparradarekin amaitu zen ekitaldia.