Aterpearen II. pintxo lehiaketa asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 24a

Ostiraletik igandera Aterpea elkartearen baitako zortzi tabernek pintxo bereziak eskainiko dituzte. Hauen artean onena hautatzeagatik herritarren artean 100 euroko txekea zozketatuko dute

Iazko bideari jarraiki, gaur aurkeztu dute Aterpeako ordezkariek alkatearekin batera "II.pintxo bidea" ekimena. Asteburu honetan Aterpea merkatari eta ostalarien elkartean dauden zortzi tabernek pintxo berezi bat eskainiko dute, "pintxoa eta edaria 2,50 eurotan" eta ondoren, herritarrei aukera emango zaie pintxoak 1etik 10era baloratzeko. Horrela, lehiaketan parte hartzen duten herritarren artean Aterpeako dendetan gastatzeko 100 euroko txeke bat zozketatuko da. 

Alkateak azpimarratu nahi izan du horrelako ekimenek duten garrantzia izan ere, "herri biziago baten aldeko urratsak ematen ari gara. Horrelako ekimenekin herritarrak herrian geratzea lortzen dugu". 

Zortzi pintxo

Yolanda taberna, Abend, Trumoi, Buenetxea, Txanpa, Galiza, Arkupe eta Sancho tabernetan aurkituko dute herritarrek eskaintza berezia. Bakoitzak pintxo berezia eta edaria 2,50 eurotan eskainiko du ostiralean 19:00etatik 21:00etara, larunbatean 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara eta igandean 12:00etatik 14:00etara. "Eskuorri bat emango zaie bezeroei eta honetan jaso beharko dute pintxo bakoitzaren puntuazioa, taberna bakoitzak bere zigilua jarriko dio bezeroari eta dena osatuta daukanean, datu pertsonalekin bete eta zozketan parte hartu ahal izango du". 

Iazko ekimenean jende askok parte hartu zuela eta, esperientzia errepikatzea erabaki dute Aterpeako kideek Ramon Ormazabalek aipatu moduan. Herritarrak animatzen dituzte asteburuan pintxoaren bidea osatzea.