Kontakizun klasikoak, garaikide

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 22a, 21:25

'Erpurutxo' antzerkia taularatu du gaur arratsaldean Teatro Paraiso konpainiak. Antzezlana bezain ona izan da herritarren erantzuna: hainbat haur, gazte eta helduk gozatu dute antzerkiaz Manuel Lekuona kultur etxean.

'Erpurutxo' bezalako ipuin klasikoek badute bertute bat. Ez dio axola zein garaitan edo urtetan kontatzen den; beti izan daiteke garaikide. Hori lortu du Teatro Paraiso konpainiak, gaur arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean plazaratu duen antzezlanean. 'Abandonua' gaia lantzen du antzezlanean, gaurko egunean presente dagoen gai bat.

Antzerkiaz gozatu duten ikusleen artean egon dira baita ere Sasoetako Urtxintxak. Gaurkoa izan da aurtengo ikasturterako lehen ekintza. Antzerkia ikustera joan aurretik hainbat jolas egin dituzte, eta seietan puntuan Manuel Lekuonako kultur etxean zeuden eserita urtxintxa gaztetxo eta heldu guztiak, antzerkia hasteko zain.

Bi istorio paralelo

Ipuin klasikoan, Erpurutxo eta anai-arrebak basoan abandonatzen dituzte gurasoek, baliabide eskasia dela medio. Dena dela, Erpurutxo bizkor eta adimentsuak lortzen du bere anai-arreba guztiak etxera bueltan eramatea, harri koxkorrak utzi dituelako bidean.

Hori izan da gaurko antzerkiko istorio bat. Aita-seme batzuek protagonizatu dute bestea (Peio Arnaez eta Aitor Fernandino aritu dira aktore lanetan). Semeak egun osoa pasatzen du haren adineko aita zaintzen, eta izatez sinpleak diren hainbat zeregin zailak dira semearentzat. Esaterako, aitari pijama aldatzea. Eszena horrekin hasi da antzerkia: semeak, aitari pijama aldatu ezin diola ikusita, Erpurutxoren istorioa kontatzeko eskatzen dio aitari, hari oharkabean aldatzeko pijama. Aita ipuinaren xehetasunez gogoratzen hasten da eta Erpurutxoren istorioa kontatzen dio semeari: nola diren abandonatuak basoan Erpurutxo eta anai-arrebak, eta nola lortzen duen ipuineko protagonistak haren ahaideak etxera onik eramaten berriro.

Erpurutxoren ipuinean aurrera joan ahala, aita-semeen istorioarekin paralelo bihurtzen hasten da eurak ohartu gabe, abandonua izanik antzerkiaren gai nagusia. Aitaren logela ikusten da eszenatokian, eta hor garatzen da istorio osoa. Argiztapenarekin egindako jokoek, musikak, eszenografia sinple baina txukun batek eta bi aktoreen antzezpen oso onek osatzen dute gaur arratsaldean hainbat herritarrek ikusi duten 'Erpurutxo' antzezlana.