2014ko Literatur Sariak banatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2014ko aza. 22a, 15:22
Aurtengo Literatur Lehiaketako sarituek euren sariak jaso dituzte gaur eguerdian, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Haur eta Gazteen XXVII. edizioa izan da aurtengoa, eta helduen XXVIII. lehiaketa.

Jendez lepo egon da gaur hitzaldi aretoa, ia eserlekurik ez da geratu libre. Sarituek bezainbeste gozatu dute euren senide eta lagunek, sari banaketa ekitaldian. Pablo Barrio alkateak, Boris Nogales Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak eta Xabier Goitia kultur teknikariak aurkeztu dute gaur eguerdiko ekitaldia. 

Pablo Barrio alkateak hartu du hitza lehenengo. Sarituenganako hitzak izan ditu, eta baita parte-hartzaile guztientzat ere: "Sariak eta diplomak jasotzea pozgarria eta ona da, baina batez ere lehiaketa honetan parte hartu duten guztiek eurentzat gorde behar dutena da lehen existitzen ez ziren poemak, testuak eta kontakizunak sortzeko gai izan direla. Hori da benetako saria".

Bi irakurketa

Ekitaldiaren sarreratxoa egin ostean, ekitaldira bertaratu direnek bi irakurketaz gozatu dute. Aitor Tejedorrek eta Maria Perezek egin dituzte errezitaldiak; Roberto Yabenek musikatu ditu bi errezitaldi horiek, gitarra elektrikoa joz. Mikele Mannion egilearen 'Beste astelehen euritsu bat' mikrokontakizuna irakurri du Tejedorrek, euskaraz. Perezen txanda izan da horren ostean; 'La casa vacía' poema irakurri du, Rafael Bravo egilearen 'La casa apagada' lanetik hartutakoa. Ikusleek txalo zaparrada luzea eta ozena eskaini diete irakurle eta egileei, egindako lan onaren erakusgarri.

Errezitaldiak amaitutakoan iritsi da sarituek eta ikusleek gehien espero zuten momentua: diplomen banaketa. Pablo Barriok eta Boris Nogalesek banatu dituzte sariak, txandaka. Banan bana atera dira kategoria desberdinetako sarituak euren diplomen bila, ikusleen txalo artean. Sarituek euren senide eta lagunen babesa jaso dute uneoro; saritu baten ahaideek kartel eta guzti erakutsi dute, Xabier Goitiak bere izena esan eta berehala. Irribarreak, emozioak eta giro ona izan dira nagusi gaur eguerdiko ekitaldian.

Kulturaren aldeko aldarria

Kutsu emotiboa eman dio baita ere Boris Nogales Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak ekitaldiari. Sari banaketari amaiera eman baino lehen hartu du hitza Nogalesek: "Lehenengo eta behin, lehiaketa honetako protagonista garrantzitsua den Karmen hartu nahiko nuke gogoan, aurten ezin baitu hemen egon osasun arazoak direla medio. Animo asko eman nahi dizkiogu". 

Horren ostean, kulturaren aldeko aldarritxoa egin du Nogalesek: "Interbentzio hau probestu nahi dut esateko denon artean sustatu behar dugula kulturaren kontsumoa, gero eta gehiago". Aurtengo parte-hartzearekin "pozik" azaldu da Nogales, "inoiz baino lan gehiago" aurkeztu direlako aurtengo lehiaketara: 753 guztira. Alabaina, azpimarratu du herritarren parte-hartzea "gero eta urriagoa" dela, eta aldarrikatu du lan egin behar dela Lasarte-Oria sariak banatu gabe geratu ez daitezen. "Lehiaketa honek etorkizuna izan dezan, herrikoak diren kultura sortzaile berriak aurkitu behar ditugu, herriko bi ikastetxeetako ikasleez gain". 

Ekitaldia amaitu bezain pronto, urtero legez, saritu eta kolaboratzaile guztiek familia argazkia atera dute hitzaldi aretoan bertan. Minutu batzuk pasa dituzte ahaide eta kazetarien kameren aurrean, jasotako diplomak eskuan zituztela. 

Gaurko ekitaldiko zenbait irudirekin argazki galeria bat osatu du Txintxarrik.