Jaiotzen XXII. lehiaketa antolatu du Danok Kidek

Txintxarri Aldizkaria 2014ko azaroaren 21a

Hilabete eskas falta da Gabonak iristeko. Festa horien adierazgarrietako bat da Danok Kide elkarteak urtero antolatzen duen Jaiotzen lehiaketa. Jaiotzak abenduaren 19an eta 20an entregatu beharko dira Blas de Lezo kaleko 11. zenbakian; sari banaketa handik astebetera izango da, abenduaren 28an, 12:00etan.

Lehiaketaren oinarriak

Aurtengo lehiaketaren oinarrien berri eman du Danok Kidek, ohar bidez. Herritarrek aurkeztutako lanek 80 x 60 zentimetro izan ditzakete gehienez. Interesa dutenek bakarka edo taldeka aurkeztu ditzakete lanak; hori bai, pertsona edo talde bakoitzak lan bakarra aurkeztu beharko du.

Jaiotzak entregatzeko bi egun jarri ditu Danok Kide elkarteak: abenduaren 19a (ostirala) eta 20a (larunbata). Lanak arratsaldeko seietatik zortzietara bitartean entregatu beharko dituzte herritarrek, Blas de Lezo kaleko 11. zenbakian. Jaiotzak eramaterako orduan, gutunazal bat entregatu beharko da: kanpoko aldean bere adina zehaztu beharko du parte hartzaileak. Barruan berriz, izena, helbidea eta telefono zenbakia.

Kategoriak eta sariak

Lau adin-kategoria egongo dira aurtengo lehiaketan. 6 eta 9 urte artekoak A kategorian sartu ditu Danok Kidek; B kategorian 10 eta 13 urte bitarteko gaztetxoak lehiatuko dira; 14 eta 17 urte bitartekoak osatzen dute C kategoria eta D kategorian sartuko dira beste guztiak, 18 urtetik gorakoak alegia.

Sariak ere kategoriaka banatzea erabaki du Danok Kide elkarteak. A kategoriako lehen saria eskuratzen duenak 60 euro eta garaikur bat jasoko ditu, eta 40 euroko saria bigarrenak. B kategoriari dagokionez, lehenengoak 70 euro eta garaikurra irabaziko ditu, eta 50 euro bigarrenak. C kategoriakoak hauek dira: 90 euro eta garaikurra irabazlearentzat, eta 60 euro bigarrenarentzat. Azkenik, 120 euro eta garaikurra eskuratuko ditu D kategorian irabazten duenak, eta 90 euro bigarren postuan geratzen denak.

Abenduaren 28an (igandean) banatuko ditu sariak Danok Kide elkarteak, 12:00etan.